Sevillarako bideak New Yorkera eraman
«RH+: Sevillako banpiroa»
GARA | GASTEIZ
Malasangre familiari, epe luze eta gogor baten ostean, geroa itxaropentsu ikusteko garaia heldu zaio. 500 urte daramate Frankfurteko Von Salchicen kondeen zerbitzura lanean. Ez da tarte makala eta Manuel Malasangrek bere familiarekin jaioterrira itzultzeko parada ikusten duenean pozez zoratzen jarriko da. Aukera hau, nondik eta Internetik erositako gaztelu bat dela-eta etortzen zaie. Horrela, Sevillarako bidea hasiko dute.
Bidaia ez da, ordea, aurreikusi duten bezala aterako eta euren jaioterrira iritsi beharrean New Yorken lur hartzen dute. Ohiko ez zaien hiri erraldoian murgiltzean, abentura mordoa biziko du familia honek. Esate baterako, martiztarrekin, higiezinen espekulatzaileekin eta Amerikako Banpiroen sindikatuarekin izango dituzte harremanak. New Yorkeko hiritarrek ez dute Malasangre familiaren presentzia gainetik pasatuko, azkenean familia honek Askatasunaren Estatua arriskutik kanpo utziko baitu.
Pertsonaiei dagokienez, Makarena -aitaren kuttuna- eta Kurrito -familiako txikiena- ditugu seme-alabak. Bestalde Karmenzita maskota eta berarekin oso ondo moldatzen den Rikardin iloba ere New Yorken galduta ibiliko dira. Jurgen txakurrak eta Perlita Luzena landare gaizkileak -nazioartean ezaguna- osatzen dute Malasangre gizon eta andrearekin batera bidaiatzen duen familia.
Animaziozko lan hau Antonio Zureraren burutik atera zen, eta Animazioko Pelikularik Onenaren saria lortu du Fantasy Worldwide Film Festival-jaialdian. Gaztelaniaz idatzitako lan hau, euskaratuta iritsiko da gaur gure zinema aretoetara. Ez da, gainera, zuzendariak egun duen lan bakarra. Zurera hurrengo ekimenean murgilduta dabil, «Aventuras y Desventuras de Don Quijote de la Mancha» eleberri klasikoaren bertsio gaurkotua du esku artean, umeentzat moldatuta egongo dena.