«Norberarentzat gauza handia da zeuk idatzi duzuna jendeak abestea»
Gotzon BARANDIARAN
BBK taldeko «Katamaloen» egilea
Anartz BILBAO | BILBO
Ezagun da gurean tarteka emaitza ederrak eman izan dituela literatura eta musikaren arteko uztarketak. Bihotz Bakartien Kluba dugu horren adibide. Gotzon Barandiaran olerkariaren «Katamalo» (Susa, 2006) oinarri, ibili ahala Euskal Herriko bazter guztietako musikariz taldea osatu, eta ikuskizun zoragarri eskaini izan dute han eta hemen, eta horretan ari dira oraindik, «Erantzi» (Gaztelupeko Hotsak) zuzeneko lana lagun.
Orain, helmuga hurbil du zazpikoteak, eta bertara heldu baino lehen Gotzonekin hitz egin nahi izan dugu. Iruñerako bidean topatu dugu, bertan jotzekoak ziren-eta atzo. Gaur, Ondarroan izango dira (ETB ere han izatekoa da, irudiak grabatzeko) eta urriaren 22an Donostiara joko dute. Gero, azaroaren 1ean, Durangon betirako geldituko dute metronomoa.
Egin dezagun atzera, eta «Katamaloa» estreinakoz jantzi.
Gorka Urbizuk «Arrakalak» (aurreko liburua) irakurria zuen eta bazekien irakurketak eginak genituela oholtza gainean. Elkar ezagutu, eta liburu berri bat plazaratzear nintzenez, lehendik BBKn zeuden musikariekin (Aintzina biolinean, Alex gitarran eta Mugar soinuan) elkartu ginen berriro, Korrika Kulturalak literatura eta musika uztartuko zuen ikuskizuna eskatu zigulako, hain zuzen ere. Gorkak oso denbora gutxian egin zuen kantu parrastada bat, hezurdurak. Gero, formatu akustikorako egokia zela-eta, Gorkaren arreba Nerea elkartu zitzaigun pianoarekin, gero Itxaso baxuarekin (Jo eta Hanka erromeria taldekoak biak) eta... gaur arte.
Arreta polita zuenganatu duzue.
Egia esan berrogei bat zuzeneko emanak izango ditugu bukatzen dugunerako. Tarte luzeak ere hartu ditugu jo gabe, Berri Txarrak-en bira tarteko zela. Jotzeko ezetzak ere eman behar izan ditugu, karga handirik ez hartzeko. Baina dexente jo dugu, bai. Kontzertuetan ez dugu lagun kopuru ikaragarririk bildu, berrogeita hamar inguru, baina disko txikia atera genuenean igarri genion gorakada, eta aurten maiatza geroztik ehun bat bildu izan ditugu, batez besteko bat ematearren. Ahoz ahoko kontua izan dela uste dut.
Poemek zein bide egin dute musika-lagunarekin.
Poema batzuk, gehienak, berdin-berdinak dira liburuan eta diskoan; doinuen metrikara egokitzeko moldaketak medio. Eta behin kantu bihurtuta, eta diskoan zein irratian entzunda, konturatu naiz beste dimentsio bat hartu dutela poemek.
Argi dut «Betazalak erauztean» kantua edo «Gurarika» poema jendeak ez zituzkeela buruz jakingo diskorik ezean, eta gaur egun kontzertuetan jendeak kantatu egiten ditu, gogoan ditu, bakoitzak bere interpretazioa egingo du, baina gutxienez gogoratu egiten du. Nik «Berandu dabiltza» ez balu Ruperrek (Ordorikak) plazaratu ez nuke jakingo buruz eta orain badakit. Hori du musikak, osterantzean guk ez daukagu ohiturarik poemak buruz ikasi eta botatzeko, aspaldi galdutako gauza da hori, guztiz. Telebista, irratia edo diskoa sortu zenetik, ahoz ahoko literatura kasik galdu egin da, ez bada bertsotan. Eta norberarentzako gauza handia da zeuk idatzi duzun hori jendeak abestea.
Banaketa iragarri duzue orain. Damurik ez?
Pena alde batetik bai, baina hasieratik bagenekien bukaera bat eman beharko geniola. Luzatu egin da jendearen harrerarengatik eta gu geu ere gustura egon garelako, baina uste dut egin dugula egin beharrekoa, baita hasierako usteak gainditu ere.
Lan bat grabatu zenuten lekuko legez, eta zuzenekoa orain.
Aurreko diskoa atera genuenean lar ondu barik geundela uste dut, eta igarri egiten da. Gerora zuzenekoa grabatzeko aukera etorri zen, hasieratik Soinu Ederrekin gabiltzalako eta zuzenekoak egiteko oso ekipo ona erosi dutelako. Kontzertuak grabatzea erabaki genuen, Usurbil, Zornotza eta Gernikan, zer gerta ere. Entzun ostean, Mikel Fernandez Krutxaga teknikoak Gernikakoa ederto batean zegoela esan zigun, eta horra. Zuzeneko «Erantzi» honetan kantuek beste freskura bat dute, beste erritmo eta bizitasun bat. Ikusten da garapen bat, guk geuk jo ahala hartu dugun konfiantza.
Katamaloaren babesak zer eman dizue?
Niretzat oso aberasgarria izan da. Asko ikasi dudala uste dut, beste guztiek baino gehiago, haiek musikariak baitira ni ez bezala. Eta balorazioa, denok egiten dugu oso positiboa, kontuan izanda zelan ibili garen entseatzen Lekunberri, Tolosa, Larrabetzu, Deustun... Zelangoak egin behar izan ditugun, zenbat kilometro, baina zein gustura egon garen eta gauden gure artean. Horrek erakusten du herri txikia dela gurea eta musika arloan elkarlan gehiago egin behar dela, oso emaitza politak atera daitezkeelako. Zer pentsatuko genuke Berri Txarrak-ekin mundu osoan birak egiten milaka lagunen aurrean jotzen ohituta dagoen mutil bat... eta, halako batean, emozionatu egiten dela horrelako gauzatxo batekin! Baina ikusten duzu antzeko zaletasunak dauzkagula, eta sinergia hori oso gauza ederra da.
Akabo. Hiru kontzertu eta...
Durangon, gurekin harreman berezi-berezia duen jendea ere izango da gurekin. Gainera, azken kontzertuetan bateria bat izango dugu gurekin, sorpresa gisara edo. Baina ez dugu orain izenik esango, gero, jendeak sorpresa har dezala!
... betirako katamaloa «erantzi».
Bai, «Katamalon» hasieratik esan izan dugu jendearen aurrean maskara batekin agertu ohi garela, gatxa izaten dela garen modukoak agertzea, eta are gehiago agertoki baten gainean. Orain ahalegina egingo dugu eta garen modukoak agertu, sinbolikoki bada ere, katamaloa erantzita.
«Ruperrek `Berandu gabiltza´ ez balu atera izan, nik ez nuke buruz jakingo. Argi dago, musikaren bitartez, gogoratu egiten ditugula poemak»