GARA > Idatzia > > Kultura

Metalurgiaren mundua Baionako ondarearekin bat egin nahian

Arte garaikidea eta Baionako arkitektura parez pare jarri nahi izan ditu Baionako Udalak ondoko urtarrilaren 19a arte ikusgai egonen den Massimo Ghiotti Italiako artistaren erakusketarekin. Mail Chaho Pelletier gunean artistaren burdinazko 15 eskultura erraldoi paratu dituzte, Bolborategia izeneko gunean, berriz, tamaina txikiko obrak.

p041_f01_170x124.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Espiritu geometrikoa» izeneko erakusketa zabaldu berri da Baionan eta urtarrilaren 18a arte egongo da ikusgai. Erakusketak Massimo Ghiotti eskultore italiarraren obra erraldoiak ezagutzeko aukera ematen du. Izenburuak aditzera ematen duen bezala, forma geometrikoak nagusi dira Turineko artistaren lanetan, eta bere hamabost eskultura erraldoiz osatua dago erakusketa.

Bere lanak metalurgiaren aipamena egiteaz gain, artistak lanbide horri dagokion materialak eta lanabesak baliatu ditu eskulturak egiteko.

Abstrakzioan bermatua, burdin ari, iltze, burdin ohol erraldoi, bulldozerretatik ateratako elementuak eta beste hainbat tresna biltzen ditu obra ezberdinetan. «Obrek espazioarekin harreman estua daukate», argitu zuten erakusketaren antolatzaileek. Artista hautatzerakoan Baionako Udalak espazioarekiko lotura horri eman nahi izan dio garrantzi handiena. Jean-Rene Etxegarai Baionako kultur arduradunak argitu zuen: «Atzoko eta gaurko arkitektura eta arte garaikidearen arteko loturak sortu nahi ditugu». Mail Chaho Pelletier gunean, izan ere, Vauban, Louis XIV.a erregearen garaiko arkitektoak sorturiko eraikuntzak nagusi dira, izan ere. Bertan zeuden bolborategia, Kaserna ohia eta gotorlekuen artean unibertsitatearen eraikin berriak barnatuak izan dira. «Gune hau ikusten dudalarik nire obrarekiko loturak badituela iruditzen zait. Indar handia azaltzen duten eraikinak dira, horrek nire obrekin elkarrizketa bat sortzeko aukera ematen du», goraipatu zuen erakusketaren ate irekitzera hurbildu zen Ghiotti artistak.

Baionako arkitekturarekin bat egin nahian, Mail Chaho Pelletier gunean obra erraldoien artean ibilaldi bat egiteko aukera du bisitariak. «Eskulturen parke» baten gisara antolatua, Ghiottiren azken urteotako obra nagusiak ezagutu ahal izango ditu bertaratzen den orok. Bolborategian, berriz, tamaina apalagoko forma geometrikoak dira nagusi.

Arte garaikidea jendarteratzeko lehen urratsa

Lau hilabetez Baionan egongo den Massimo Ghiottiren erakusketa, Baionako Udalak bultzatu nahi duen arte garaikideari buruzko proiektu baten atala baizik ez da. Arte garaikidea gizarteari hurbiltzeko xedez, Ghiottiren gisako artisten erakusketa gehiago antolatzeko asmoa dutela nabarmendu zuen Jean-Rene Etxegarai kultur arduradunak. Eta Udalak erakusketak Baionako ondarearekin bat egitea nahi du. Horrenbestez, lekua ondo aukeratzea garrantzi handikoa zela gehitu zuen Etxegaraik. «Unibertsitatetik gertu gaude. Bertan, 2.000 bat ikasle daudela-eta, arte garaikidea gazteengana hurbildu nahi dugu lehenik, eta ondoren jendarte osora», adierazi zuen. Horrela, XIX.mendean egiten zen artearen eta gizartearen arteko ohidurari heldu nahi izan diote Baionako agintariek. «XIX.mendean ikusi ohi ziren garaiko artelanak gune publikoetan. XX.mendearen hasieran abstrakzioaren agerpenarekin, usadio hori galtzen joan da. Eta, azken hamabost edo hogei urteotan eskultura garaikidea, berriz ere, inguramenarekin bat eginik agertzen zaigu», argitu zuten.

Jean-Rene Etxegaraik, izan ere, Bilbo jarri zuen esandakoaren adibide.

Horrela, Baionako Bonnat Museoak erakusketa ikusteko bisita bereziak eginen ditu. Horiek, ordu bata eta ordu biak artean eginen dira astean zehar. Horretaz gain, Baionako arte eskolarekin elkarlanean hitzaldi eta topaketak ere antolatuko dituzte. Horiek guztiak zehaztekotan zirela esan zuten. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo