Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna
150.000
Erasoak bata bestearen atzetik etorriko dira. Baina guk ere mugi ditzakegu piezak: zerbait asmatu behar dugu; inflexio puntu bat ezinbestekoa da une zail hauetan. Desberdintasunak alboratu eta pausoak, txikiak baina sendoak, ematen hasi behar dugu
Gutxi ikusten dut telebista: eduki hutsek, reallity astunek, tiroz eta akzioz soilik osatutako film estatubatuarrek eta tertulia zitalek bultzatu naute horretara. Azken hauetan, gonbidatuen begirune faltak eta iraintzeko erraztasunak harritu izan nau gehien: edonor edozeri buruz nahi duen guztia esaten, ezer jakin gabe dena baleki bezala, zerbait dakienari entzun nahi ezean.
Denbora luzea tertuliarik ikusi gabe egon ostean, tertulia baten azken bost minutuak ikustea suertatu zitzaidan aurrekoan. Minutu apurrak, baina nahikoak zur eta lur geratzeko. Eta ETBko bigarren katean... etxean.
Saioaren amaiera zen eta gonbidatuetako batek benetako bitxia bota zuen ziurtasun osoz, lasai: ezker abertzalea era jarraituan bozkatzen zuten herritarrak, 150.000 bere aburuz, terroristak omen ziren... denak. Jarraian argudiatu zuenez, botere judizialek terrorismoaren defendatzaile izateagatik legez kanpo utzitako alderdia bozkatzen duen oro terroristatzat hartu beharko litzateke, bere botoarekin terrorismoa indartzen baitu. Ondoko kazetariak, barre txikiz, denek zutela ezker abertzaleko senitartekoren bat aipatu zuen (hau ekidin ezineko zorigaizto bat balitz bezala) eta ezin dela esan hauek denak terroristak direnik, nahiz eta bozkatzen duten alderdia terrorista izan. Propagandaren (kasu honetan politikoa) indar itzelaz konturarazi ninduten biek.
Estatuak euskal gizartearen zati bat kriminalizatu eta terrorista etiketa jartzeko egindako ahalegin handiak fruitu ezin hobeak eman dituela ohartu naiz, eta min ematen dit horrek. Helburu bikoitza lortu du gainera honekin: batetik, Estatuak bere jarrera eta ekintza zehatzak ezkutatzea eta nolabait justifikatzea; bestetik, aipatu ekintzen jomuga direnak gaizkile gisa aurkeztea munduari. Faxismo inteligente deritzona alegia.
Iragan ilunena dutenak dira, antza, gainerakoak terroristak diren ala ez erabaki ahal duten bakarrak. Aurreko erregimenaren ondorengoak demokraziaren babesle sutsu bilakatu dira; erregimen totalitario beraren etsaiak, berriz, egungo demokraziaren etsai.
Estatuak bere betiko xedeari eutsi dio. Horretarako, ordea, kanpora begira hain agerikoak ez diren eta inpaktu sozial txikiagoa duten (eraginkortasun bera izan arren) neurriak erabiliz: fusilamendurik ez da, baina bizi osoko kartzela zigorra ezartzen diete akusatu jakin batzuei eta dispertsio politika horien senideei. Poliziak ez du kaleetan jendea hiltzen, baina konorte gabe gelditzeraino torturatzen da inpunitate osoz eta talde parapolizialak ere hor egon dira (hiltzeko era ugari dago). Epai militarrik ez dago, baina interes politikoen menpeko botere judiziala bai. Elkartu eta antolatzeko askatasuna aitortzen da, ilegalizazio eta errepresio gogorrak jarraitu arren. Adierazpen eta prentsa askatasun osoa omen dago, baina soilik eurek nahi dutena eta nahi duten moduan azaltzen duenarentzat (ikus egunkari eta irratien itxierak...).
Horren guztiaren atzean, ongi diseinaturiko kanpaina bat dago: egoera aldatu nahi duen oro da kriminala. Pentsamendu hutsa delitu bilakatu dute. Ezarritako doktrina jarraitu ez eta beraien norabide bera aukeratzen ez duen oro da pertsona arriskutsu. Egun, errugabetasuna da frogatu beharrekoa; osterantzean, denok gara errudun. Injustizia eta zapalkuntzak egunerokoak dira. Baina kanpora begira (bereziki EB eta AEB) oso bestelako errealitatea hedatzen dute, honek ematen dielarik barnean nahi dutena egiteko abagunea. Ez da estrategia berria, frankismoaren azken fasean jarri baitzuten abian, orduko Europako Elkarte Ekonomikoan sartzeko interesak medio.
Urtetik urtera zabaltzen doa euskal herritarrez osatutako zerrenda beltza; askok pairatu dute ezkutuko jazarpen hau. Baina oraindik ez gara denok bildu eta elkar babesteko gai izan, azken finean, denon aurkako eraso diren hauen aurrean. Horren ordez, elkarrekin liskarrean gabiltza.
Honetan atentatuek ez digute lagundu, baina ezta euskal alderdi batzuen jarrera ulergaitzek ere: isilik eta laguntzaile, euskal sektore jakin baten aurkako estatuen erasoetan...
Gu kolpatzen jarraituko dute, gero eta gehiago, gero eta bortitzago. Erasoak bata bestearen atzetik etorriko dira. Baina guk ere mugi ditzakegu piezak: horren aurrean zerbait asmatu behar dugu; inflexio puntu bat ezinbestekoa da une zail hauetan. Desberdintasunak alboratu eta pausoak, txikiak baina sendoak, ematen hasi behar dugu.
Gero eta argiago dago konponbidea gatazka politikoa EBra eraman eta EBren partaidetzaren bidez etorriko dela. Eman diezaiogun buelta, beraz, pertzepzioen balantzari. Orain guri dagokigu propaganda egitea, denok batera hirugarrenei hemengo errealitatearen eta gatazkaren benetako oinarriak azaltzea eta konponbideak aurkeztea. Kanpoan gutaz duten irudia aldatu behar dugu: garenagatik ezagutu gaitzatela, ez estatuaren propagandak saldutakoagatik.
Euskal Herrian 150.000 terroristaren ordez milaka ameslari gaudela erakutsi behar dugu, herri bat mugimenduan, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea eskatzen duena. Hori bakarrik. Buruan dugun herri hori eraikitzen has gaitezen gaurtik. Eta, bide batez, argudiorik gabe utzi tertuliano sasijakintsu batzuk...