GARA > Idatzia > > Mundua

Obamak McCaini aurre hartu badio ere, gauzak alda daitezkeela uste dute adituek

Inkesten arabera, Barack Obamak erraz irabazi beharko luke hauteskundeetan. Dena den, gauzak oraindik alda daitezkeela eta ezer ziurrik ez dagoela ohartarazi dute adituek. Zalantzan daudenen esku dago giltza.
p025_f02_148x104.jpg

GARA |

Bi aste baino falta ez direnean, inkestetan Barack Obamak John McCainen aurretik jarraitzen du. Iturri batzuen arabera, bederatzi puntuko aldea dago bien artean. Baina abantaila horrek, adituen hitzetan, ez du garaipena bermatzen. Hautagai errepublikarrak oraindik Ameriketako Estatu Batuetako presidente izateko aukerak dituen arren, Peter Brownen aburuz, «ez dira nahikoak». Quinnipiac-eko Unibertsitateko Estatistika Institutuko zuzendaria da Brown.

Ezustekorik ez izateko, Barack Obamak mobilizatzeko deia egin die bere jarraitzaileei. Horregatik, azken asteetan kanpaina atez ate egiten ari da, bereziki, beltzen artean. Haien botoa nola edo hala bermatu nahi du. «Ezin dugu atsedenik hartu», nabarmendu zuen pasa den astelehenean Floridan egin zuen ekitaldi politikoan.

Bost hautesleetatik batek, noren alde bozkatuko duen artean ez dakiela aitortu du. Zalantzati dauden horiek dira, hain zuzen ere, Alderdi Errepublikarraren esperantza.

«Litekeena da Obamak irabaztea, inkestetan bera nagusitzen baita», helarazi zuen Frank Newportek, Gallup Institutuko arduradunetariko batek.

«Baina, bien arteko aldea ez da hainbestekoa, eta ezin dugu McCainek garaitzeko aukera alboratu», esan zuen. Boto-emaileen parte-hartzeak berebiziko garrantzia izango du.

Askok Ronald Reaganekin gertatutakoa gogora ekarri dute egunotan. 1980ko hauteskundeak zirela-eta, Jimmy Carter presidente demokrataren atzetik zegoen inkestetan.

Hala ere, hilabete geroago errepublikarrek irabazi zuten. Kasu horretan, dena dela, hauteskundeak baino astebete lehenago bi hautagaien arteko eztabaida izan zen telebistan, eta eztabaidak Reagani mesede egin zion. Oraingoan, McCainek irabazteko «aparteko gertaera» batek agertu beharko lukeela plazaratu dute analistek. Bien bitartean, Pennsylvaniako estatuan McCainen taldekideak buru-belarri ari dira lanean ahalik eta boto gehien eskuratzeko.

Ikusteko dago ere Obamaren arrazak bozak zenbateraino baldintzatuko dituen. Gainera, inkesten fidagarritasuna kolokan gelditu da kanpainan zehar. Hasiera batean, adibidez, Alderdi Demokrataren hautagaia Hillary Clinton izango zela zioten. Errealitatea bestelakoa izan da.

Hautagai demokrataren aldeko esku orriak euskaraz

AEBetan euskaldun diaspora zabala dagoela gauza jakina da. Bitxiena, ordea, hautagaien aldeko propaganda euskaraz ikustea da. Hala gertatu da Nevadako estatuan. Goiena.net webguneak propaganda horren berri jaso du. Nevadako Reno hirian egindako ekitaldi batean jaso zuen Thomas Aucuttek. Haren emazteak, euskal jatorria du. Bizkaiko Natxitua herrikoa. Banatutako esku orrietan, Obamaren ildo politikoa jasotzen da. «Gizarte aldaketa eragiteko Nevadako mugimenduarekin bat egitera» deitzen du. Ingelesez nahiz euskaraz idatzita daude esku orriaren atal nagusiak.

Idahon ere, euskal jatorrikoek garrantzi handia dute. Bost urtetik behin, euskal festa entzutetsua antolatzen dute Boisen. AEBetan, Australian eta mundua zehar barreiatutako euskal diaspora anitzak bat egiten du Idahoko hiriburuan. Alkatea ere, David Bieter demokrata, euskal jatorrikoa da. Obamaren aurkezpen ekitaldian, «gora Obama!» oihukatu zuen Bieterrek. Han bildutakoek euskaraz erantzun zioten. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo