Arrasatek «bihotzean» izango ditu El Salvador eta Pakito Arriaran datorren astean
Igandean hasi eta datorren ostirala bitarte, El Salvador Bihotzean elkarteak ekimen sorta antolatu du Arrasaten, Erdialdeko Amerikako herrialdean, gudan, hildako Pakito Arriaran eta beste bi euskaldunen omenez.GARA |
Hogeita lau urte igaro dira Pakito Arriaranek, bere jaioterritik, Arrasatetik, urrun, El Salvadorreko Armadaren eskuetan bizitza galdu zuenetik. Arriaran ordea, ez zen izan El Salvadorreko gudan hilik suertatu zen euskaldun bakarra; Begoña Garcia Arandigoyen Gareseko medikuak eta Marta Gonzalezek -nafarraren omenez Begoña guda ezizena hartu zuena- ere, bertan, borrokan, eman zuten euren azken hatsa. Urteak igaro arren, Arrasatek ez du ahantzi ETAko militante gaztea eta, haren eta Garcia eta Gonzalezen oroimenez ekitaldi sorta antolatu du datozen egunetarako El Salvador Bihotzean taldeak.
Makina bat ekitaldi aste osoan
Igande eguerdian ekingo diote ekimenari, 13.00ean, hiru euskal herritarron omenez Sebero Altube plazan egingo duten ekitaldiarekin. Ondoren, herri bazkariaz gozatuko dute arrasatearrek herriko gaztetxean.
Aste osoan zehar zabalik izango da «El Salvadorreko horma pinturen argazkiak» izeneko erakusketa Harresi Aretoan. Horrez gainera, hitzaldiak eta film emanaldiak izango dira egunero. Astelehenean, adibidez, Iñaki Gil de San Vicente internazionalismoaz arituko da, 18.00etatik aurrera Kulturateko areto nagusian, eta asteazkenean «El Salvador atzo, gaur eta bihar» izango da mintzagai Pedro Ramon Fuentes herri liderraren eskutik.
Asteartean eta ostegunean ikus-entzunezkoen txanda izango da gaztetxean; asteartean, «El Salvador, el pueblo vencerá» dokumentala eta, ostegunean, «Voces inocentes» pelikula izango dira ikusgai.
Ekitaldi hauek aurkezteko agerraldi hunkigarria egin zuen astelehenean El Salvador Bihotzean taldeak Arrasaten. Bertan gainera, Arriaran zenaren neskalagunak, Miren Odriozolak, eta anaiak, Felix Arriaranek, hartu zuten parte.
Odriozolak hunkiturik azaldu zuen bere mutil laguna zenaren izaera: «Ideiak oso argi zeuzkan, gizatasun handikoa zen eta oso sentibera. Inguruko batek arazo bat baldin bazuen, bera laguntzeko prest zegoen. Gizakiak eta herriak aske izatea nahi zuen», adierazi zuen.
Zauritu ostean, hil
Arriaranek, 1978an utzi zuen Arrasate, Polizia espainolak bere etxea inguratu zuen bera gatibu hartzeko, baina ihes egitea lortu eta Venezuelan erbesteratu zen. Odriozolak azaldu zuenez, Caracasen zegoela El Salvadorreko askapen mugimenduari buruzko dokumental bat ikusi eta bertara borrokatzera joatea erabaki zuen. Eta hala egin zuen.
1982ko maiatzean lortu zuen Erdialdeko Amerikako herrialdera heltzea, eta Chalatenango inguruan aritu zen borrokan Farabundo Marti para la Liberación Nacional erakunde armatuan. Hilabete batzuk geroago, urrian, balaz zauritu zuten eta osasun baliabide eskasak zirela medio, zauria gaiztotu eta eskuin hanka moztu behar izan zioten. Garai horretan, El Salvadorreko Armada gerrillaren esku zeuden lurraldetan sartzen hasia zen eta Arriaranek, zauriturik, basoan ezkutatu behar izan zuen. Militarrek ostera, Arriaran eta beste sei lagun aurkitu eta tirokatu egin zituzten.
«Pakito Arriaran, de Arrasate a Chaletenango» liburuak berriki ikusi du argia Txalaparta argitaletxearen eskutik, bertan arrasatearraren gorabeherak jasotzen dira, bai Euskal Herrian bai El Salvadorren bizitakoak.