BERRIA | Xabier Etxaniz Rojo 2008/10/23
Sistema berria
Ene lagunok, une historikoa bizitzen ari gara. Mundua aldatzen ari da gure begien aurrean, eta oporretan jarraitzeko asmoa banuen ere, ezin nion hutsik egin hitzordu garrantzitsu honi. (...)
Baina natorren harira. Une historikoa da hau, bai horixe! Izan ere, gure seme-alabek eta gure seme-alaben seme-alabek, denek gordeko baitute oroimenaren kutxan amaitu berri den uda. Etorkizunean, historia liburu guztiek kontatuko dute 2008ko udan kapitalismoa hil zela, estatuek banketxeak erosi zituztela, eta herri xehearen txaloen artean, gizateriak komunismoaren antzeko sistema bat besarkatu zuela.
Bai, ene lagunok, azkenik munduak ulertu du Carlosek arrazoia zuela, ez zuela hutsik egin, analisiaren muinari dagokionez, behinik behin. Majo kostata izan bada ere, azkenik munduak ulertu du aberastasuna birbanatu behar dela, ez dela bidezkoa batzuk izugarri aberastea ondokoa miseria gorrian dagoen bitartean, onartezina dela kolpe zorrik jo gabe ondokoaren lepotik bizitzea. Sistema berriaren filosofia sendoa da bere xaloan: estatuak emango dizu behar duzun guztia. Hiri zenbat? 10.000 miloi? Tori! Eta hiri, zenbat? 15.000 miloi? Gehiago? Tori, ba! Aizak! Hi atzera, lehengoan eman nian eta!
Komunismoa banketxeen erara deritzote sistema berriari.
Sentitzen dut. Idazten jarraitu nahi nuke baina negar malkoek ez didate uzten. Izan ere, hain baita ederra...