GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

U-25a, bide hutsalak versus hutsetik zabalduriko bideak

Oteizaren itzal handiaren babesean igaro da astea. Espazioaren zirikatzailea izan da protagonista, maite zutenen artean eta baita artista mundu honetan balitz bere haserrealdi famaturen bat edo beste mereziko luketenen artean ere. Denbora, espazioa, irudia, hitza... husteko prozesu amaigabean murgiltzen omen gara gizakiak. Edozein arlori begiratuta, berezko higatzea sumatzen delarik. Baita, zorionez, sormena berpizteko etengabeko grina bada ere.

Naturaren legetik abiatuta, hamaika arrazoi bilatu daitezke. Alta, filosofiaren paradisutik kanporatutako «aingerutxo» gizajo honek badu bere hipotesia: euskaldunok adreiluaren krisiak jota gaudela uste dut.

Ez, ez. Ez ditut zalantzan jartzen erakundeentzat lan egiten duten estatistika-adituek egiten dituzten ikerketak. Asko jota, «gu askoz hobeto gaude...» leloa airoski zabaltzen duen orori begirada zorrotzagoa izateko aholkua emango nioke. Sentsibilitate kontua, finean.

Bestelakoa da, ordea, ene gaurko burutazioaren ardatza. Adreiluaren krisiak jota gaudela esaten dudanean zera irudikatu nahi dut, euskaldunok nerbio berezia erakusten dugula eraikitze lanetan, eta askoz zailago egiten zaigula izerdiz altxatutako etxea irmoki defendatzea.

Urriaren 25a hitza bete ez duten guztien gorazarre eguna bilakatu da, zergatik ez? Eta hutsetatik emeki-emeki ateak zabaltzen dituztenen eguna ere bai. Ez dut inor harrituko gure herriaren zatiketa irudikatzen duten egunek ez didatela bestelako zirrararik sortzen aitortzen badut. Izan ere, urriaren 25a ez da, inondik inora, hustuketa politiko baten kronika izan behar soilik. Hutsala, guztiz hutsala izan arren gure herriaren agenda hitzari jaramonik egiten ez diotenen eskuetan uztea.

Salba dezagun, bada, egutegia. Erakuts dezagun grina handiagoa hutsetatik abiaturiko egitasmoak gure ekarpenen bidez hobeto eta sendoago egiteko.

Urriaren 25a. Ate irekien eguna Urruñan. «Euskal Herriko Kazetak»k zazpi urte bete ditu. Eta eguneko argazkiak agerian utzi duenez, ez du bakarkako ibilbiderik egiteko asmorik. Iraupena da erronka nagusia, baita hitzaren balioan sinisten dutenen ardura ere. Lehen, orain eta gero «Lejpb» egiten duzuen guztioi, Felicitations!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo