GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Kal, kea, kia

Gaur, seguru asko, jende asko ibiliko da han-hemenka atzo, urriak hogeita bost zituela, Meteosat sateliteak Kantauri aldeko bazter hauetan atera zituen argazkien bila. Laino eta ostarteen artean sei hitz ikusi behar omen dira argazkiota. Tira, ostarteetako hitzak ikusi ahal izango dira, lainoetakoak ikusteko satelitearen hurrengo birako argazkiei begiratu beharko zaie eta, ea zorte hoberik dagoen. «Euskal», «Herria», «Bakea», «Bai», «Erabakia», «Bai» omen dira hitzok. Litekeena da baten batek argazkia eskuan duela esatea: hara! bakia! txarto idatzita dago!, konturatu barik aurreko «era» lainoak hartuta zegoela. Edo izan zitekeen ere hitza «bakea» izan baina «e» hizkiko hainbat lagun une horretan txiza egiten egona. Ulertzen okerrago izango zuten «ba» eta «ba» irakurri izan balute. Edo «kal» hemen, «kea» han eta «kia» haratago. Ene, ene, zein zaila izango duten hirukoaren laurok horrelakoak berriro egiten klima aldaketa gauzatzen denean! Euskalmetek anpara bitza! Dena dela, «bai» larregi da hitzon kate horretan, «bai» bi, izan ere. Eta lau «ba» ere, «bakean», «erabakian» eta «bai» biotan. Esanguratsua iruditzen zait hori, zeren esangura den ideiarik ez badut ere, baina jelkideak tartean direla jakinda... «Bai» bat zeri dagokion argitua da dagoeneko, behinik behin: beheko Estatuko aurrekontuei. Atera kontuak! Hori aurreko kontua izanda, erraza da somatzen zein konturi emango dioten gero horiek bigarren baia. Apustua egin nahi? Orain legezkoa da eta! Baina zer ekarri dio hango aurrekontuak hemengo Lakuari? Hemengoek diotenez I+D+i zer horretako eskumen osoa, hangoek hemengoen osoa zezen-larruko osotasunaren barruan baino sartzen ez dutela. Hortaz, ikertu dezatela batzuen eta besteen irakurketen desberdina non datzan, gero ikerketak emana garatu eta azkenean berritzeko, ea behingoz eskumen zer berri hori baliatzen duten lehendakariak hegora begira noiz edo noiz ikusi ohi duen alanbre-hesia behingoz ere apurtzen duten. Ni, bada-ezpada, jesartzera noa. I+D+i+Y. Tunelak behintzat ez dira gurean falta! Ia astero bat zabaltzen dute. Pentsa liteke batzuek herriari buelta eman nahi diotela, lurpekoa gainazalera ekarriz eta azaleko bideak lurpera eramanez. Munduko geologo asko ari dira gurera etortzen, Lurraren erraiak inon baino ageriago direlako hemen. Tira, etzi ni neu ibiliko naiz han-hemenka bihar Meteosat sateliteak Gernika aldean aterako dituen argazkien bila. Hitzik ez, seguruenik, argazkiotan. Baserriko produktuak baino ez. Beste orbita bateko argazkiak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo