GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Josu Gotzon Landeta Irakaslea

Lurrin faltsuaren sunda

Mundua jendez betetzen hasi zenetik, gizakiok beti izan dugu mintzaira baten beharra, gure jolas, kalaka eta ekintzetan erabili ohi duguna. Getxoko bizilagunek ere mintzaira bat zuten lagun, eta haiek ere mintzaira hori alboan jolasten zuten, lan egiten zuten, maitemintzen ziren.

Baina halako batean gauzak aldatu egin ziren: kanpotik beste mintzaira potoloago bat etorri zen; potoloagoa, indartsuagoa eta ederragoa askoren irudiko: hark berba politak eta dotoreak ei zituen. Gureari, ostera, zakarra eta landu gabea zela irizten zioten. Horrez gain, mintzaira berriak indar handia zeukan, eta jendeari ez zitzaion bere aurka joatea komeni; kalteren bat gerta zekiokeen.

Horrelaxe berba egiten zuten askotxok. Mintzaira berri hark bere indarra inposatzen zien Getxoko bizilagunei, «neu nagusi ala muturrak hautsi», eta urte gutxitan mintzaira hura hartzea beste erremediorik ez zuten izan. Horren aurrean Getxoko mintzaira zaharra beldurtu, kikildu, eta beldurraren beldurrez mututu eta baserri zaharren altzora desagertu zen. Aurrerantzean herriko jendeak mintzaira berria izango zuen laguntzat. Gutxi batzuek mintzaira zaharrari eutsi zioten, baserritar jendeak batik bat. Alabaina hamaika bizilagunen mespretxua eta erasoa jasan behar izan zuten, eta beldurraren beldurrez horietatik batzuk mintzaira zaharra albo batera utzi zuten; urte gutxiren bueltan, mintzaira zapaltzaile hura baino ez zuten ezagutzen.

Urte batzuk igarota, alboko herrietatik mintzaira zaharrak bere osteratxoak egiten hasi zen herrira. Bereziki umeen artean jolasean hasten zen, lotsati samar, baina jolasteko gogoz. Zenbait gurasok begi onez ikusten zuten, eta herriko umeek hasieran gogo onez onartzen zuten, baina hura entzuteko, ikusteko, gozatzeko... ohiturarik ez zutenez, gehienetan baztertu samar geratzen zen, eta azkenez beti erabiltzen zuten mintzairarekin amaitzen zuten jolasean. Gainera, ordurako mintzaira berri hura inork ez zeukan berritzat, betikotzat baino, gehienek beti mintzaira hori erabili zutelako.

Gaur egun atzera begiratu eta askotxo gure herriak pairatu duen tragediaz ohartzen ari gara; ohartu eta sufritu gainera. Izan ere, tragedia hori oraindik gauzatzen ari den errealitatea da: mintzaira zaharra etorkizuneko mintzaira berri bihurtzekotan gabiltzanok jende askoren ezjakintasunaren mespretxua jasan behar dugu erakundeetan zein kaleetan, edonon eta edonoiz elite beltzen susmopean bizi izanik. Eta hain urrun heldu dira, non sarritan jarrera hori gure umeak mintzaira zahar horren jabe egin zitezen eraiki ziren zentro horietan ere pairatzen ari garen. Halako ikasgu batzuetan ez da arraroa gure mintzaira zaharra baztertu eta «betiko mintzairaren» lurrin faltsua zabaltzen ikustea, komunikazioaren ekonomia eta guraso erdaldun batzuen haserreak aitzakia. Berriz ere, «neu nagusi ala muturrak hautsi».

Bitartean, gure umeek, mintzaira zaharra bazterturik, gehienetan «betiko mintzaira» atorrantea dute lagun. Hamaika irakasle dago horretaz kezkaturik, baina hainbati bost axola zaio, aspaldiko mintzaira zahar hori ez dute-eta berri egiteko premia sentitzen. Horrez gain, mintzaira zahar berriak lekarkeenaren beldur dira, eta «irudi txar» horiek ekiditeko zapalketa formula zaharkituetara jotzen dute: baztertzeak, debekuak, errespetu eta edukazio falta leporatzea...

Eta edukazioan dago, ene ustez, gakoa. Gure bertso eskolako lagun batek dioen legez, edukazioa euskaltegietan ikasten da, eta gure herriak «heziketa irakasle» espezializatuak baditu izan. Era horretan soilik izan dezake gure ipuin honek amaiera zoriontsua, era horretan soilik berreskuratuko dugu aurreko urteotako gau luzean galdutako altxorra, benetako lurrina. Zuek ez dakit, baina neu behintzat aspertuta nago lurrin faltsuaren sunda jasateaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo