Top 14
Avironek ateak zabalik ditu amets egiteko
J.L. | BAIONA
Avironek oso indartsu jarraitzen du etxean, eta atzo berriro ere lau puntu bereganatu zituen. Horrenbestez, une honetan sailkapeneko laugarren postuan dago. Gaur bertan liga amaituko balitz, baionarrak finalerdiak jokatzeko moduan izango lirateke, baina horretarako oraindik asko falta da.
Garbi dago zuri-urdinek ez dutela liga hasieran zuten freskotasun bera. Jokoak behera egin du, baina gaizkien dabilenean ere puntuei eusteko modua egiten badute, garbi dago zaleak itxaropentsu egoteko moduan daudela. Zaila izango da finalerdietan sartzea, baina Heineken Koparako txartela lortzea inoiz baino gertuago egon daitekeela ematen du.
Atzo gauzak erabat okertu ziren lehen minutuetan. Izan ere, nahiko lo zelairatu ziren lapurtarrak eta kanpotarrek ez zuten aukera alferrik galdu; hala, 12. minuturako 0-6 ari ziren agintzen.
Edmondesek egoerari buelta eman zion zigor kolpe bati esker, eta horrek etxekoak indartu zituen. Hala ere, lehen 40 minutuetan ez zuten entsegurik egiteko aukerarik izan eta 3-6 atzetik joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian gauzak aldatu egin ziren. Zuri-urdinak gogotsu zelairatu ziren, eta presioa aurretik eginez ekin zioten partidari. Horrek etekina eman zien, Brivek ezin izan baitzuen presioa gainditu. Horiek horrela, etxekoak erosoago aritu ziren.
Joko on horri esker heldu zen azkenean euskaldunen entsegua, baita beste zigor kolpe bat eta drop bat ere. Kanpotarrak, aldiz, oso gutxitan pasatu ziren zelai erditik, eta zigor kolpe bat bakarrik gauzatu zuten. Hala ere, ez zien ezertarako balio izan, amaieran puntuak etxean geratu baitziren. Avironeko zaleak amets egiten jarraitzeko moduan daude, horretarako ateak zabaldu baititu taldeak.