GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aizpea gaztandegiak irabazi du XXV. Euskal Herriko Artzain Gazta Txapelketa

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 36 gaztagileren artean jokatu zen atzo Euskal Herriko Artzain Gazta Txapelketa Donostian. Aurtengoan, Idiazabal jatorri izendapeneko gazta ezagutarazi eta sustatzen duen lehiaketaren 25. urtemuga ospatu dute.

Janire ARRONDO |

Euskal Herriko XXV. Artzain Gazta Txapelketaren urtemuga berezia ospatu zuten atzo goi- zean Donostiako Boulevardean. 25 urte pasa dira Idiazabal jatorri izendapeneko gazta ezagutarazi eta bultzatzeko Oñatin lehen txapelketa egin zutenetik.

Atzokoan, Olaberriako Aizpea gaztandegiko Eli Arrillaga eta Mikel Etxezarreta artzainek eskuratu zuten Idiazabal jatorri izendapeneko gaztagileen Euskal Herriko txapeldun egiten dituen txapela eta kaikua. Beren izena entzutean eskuak aurpegira eraman bazituzten ere, olaberritarrek badute eskarmenturik sariak jasotzeko orduan, aurreko astean bertan Hondarribiko Artzain Gazta Lehiaketa irabazi baitzuten. Horrez gaiz, Plentzia eta Azpeitiko lehiaketetako irabazle ere suertatu ziren. Arrillagak berak aitortu zuenez, «urte ona izaten ari da hau, hainbat lehen sari lortu baititugu».

Bigarren saria ere Gipuzkoan geratu zen; hain zuzen ere, Idiazabalgo Aranburu Elkarteak bereganatu zuen. Hirugarren, berriz, Eulateko Ricardo Remiro artzaina geratu zen. Artzain nafarra izan zen irailean Ordizian jokatu zen Gazta Txapelketako garailea, hasiera batean saria berari eman ez bazioten ere akats baten ondorioz.

36 gaztandegi

Artzain Gazta elkarteak antolatutako lehiaketan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 36 gaztagile onenek hartu zuten parte, eta horietatik bederatzi sailkatu ziren finalera.

Juanjo Martinez Viñaspre gastronomo eta kritiko lanetan aritzen den adituak adierazi zuenez, «gero eta zailagoa da irabazle bat hautatzea, ezberdintasun gutxi baitago gazta batetik bestera». Juan Mari Arzak sukaldari eta epaimahaiko kideak gaineratu zuenez, «goi mailako sukaldaritza posible izan dadin, beharrezkoak dira Idiazabal gazta bezalako kalitatezko produktuak». Epaimahaian Idiazabal Jatorri Izendapen Batzordeko dastatzaileak, artzainak eta hainbat sukaldari ezagun bildu ziren. Goizeko hamaikak ingurutik hasita eguerdira bitarte aritu ziren gaztak dastatzen.

Dastatzeko aukera

Goizean zehar Euskal Herriko hainbat txokotatik inguratutako artzainek postuak jarri zituzten Boulevardean beren gazta eta bestelako produktuekin atonduta. Bertan, jatorri izendapeneko gaztak erosi eta dastatzeko aukera izan zuten inguratutakoek.

Bestetik, artzainek gazta nola egiten duten ezagutzeko parada ere eskaini zuten atzokoan Donostian. Gaur egun gaztandegietan erabiltzen dituzten makina eta tresneriarekin nola lan egiten duten erakusten aritu ziren. Bestalde, ardi mozketa erakusketa ere izan zen.

egungo tresneria

Egun erabiltzen duten makina eta tresneriarekin gazta nola egiten duten ezagutarazteko erakustaldia egin zuten artzainek Donostiako Boulevardean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo