Patxi Elizalde Etxalarko usazaleak
Txanponaren bertze aldea Etxalarko usategietan
Etxalarko herria, zerbaitengatik famatua baldin bada, sareen bidez ehizatzeko moduagatik da. Orain dela hilabete bat denen ahotan zegoen Etxalarko tirozko postuen enkantea. Izan ere, eskopetekin ehizatzen dutenek, beren arrangura erakutsi zuten bi idatziren bitartez, arbolek eta adarrek traba egiten zutelako nonbait. Enkantearen egunean eztabaida piztu zen, postuen egoera txarra zela-eta, baina arazoak zituzten postu guztiak hartuak izan dira. Hain txarrak ez dira izanen, bada.
Bitartean, usazaleok lan isila eginez, urtero-urtero zerbait hobetzen saiatzen gara. Aurten Idoikua postua berritu dugu arrapala bat eginez, eta ingurua atondu dugu turistek eta mendizaleek aukera izan dezaten usazaleen lana eta usoen maniobrak ikusteko. Sare inguruan ere banku pare bat jarri ditugu, jendea lasai egoteko.
Urriaren 1ean sareak hedatu genituen. Horrek erran nahi du 12 lagunek usategietara joateko konpromisoa hartu dutela 50 egunez segidan, azaroaren 20a arte, hain zuzen. Hauxe da Etxalarko herriaren aberastasuna: sareak egunero hedatzea. Erran behar dugu 12 lagun horien inguruan bertze hainbertze ibiltzen direla, gaur den egunean, inork ez duelakoz hainbertze opor. Egiten diren sakrifizioak ez dira ikusten, eta ez ditu inork kontuan hartzen.
Hamabortz egun pasatu dira sasoi hasieratik. Usategietako igandeko festa ate joka dugu. Dagoenekoz 30 dozena harrapatu ditugu, eta polemika piztu zuten zuhaitz batzuk (12-15) puskatuta agertu dira. Horrelako jarrera hartu duena gu baino txikiago sentitzen da ziurrenik. Bistan da ezin gaituela kontrolpean eduki, mendi honen erabilera bertze bide bat hartzen ari delakoz.
Etxalarko usategiaren etorkizuna Interes Kulturaleko Ondare izendatzea da, eta, beraz, eskopetarik gabeko eremua, gure ohitura zaharra babestu eta jendeak hemendik pasatzen diren hegaztiekin goza dezan. Udalak diru gutxiago hartuko du, baina diru hori gabe ikasi beharko du aurrera ateratzen, egiazko aberastasuna jendeak eta sareek ematen diotelakoz herriari.
Etxalarko usategietako txanponaren bertze aldea.