Onintze Oleaga Solaguren Atxondoko zinegotzia
Begiak itxi eta belarriak estali
Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlanak prentsaurrekoa eskaini zuen iragan astean, Abadiñoko herrian Abiadura Handiko Trena eraikiko balute, 350 urte inguruko baserri bat eta Mendiolako galtzada erromanikoa apurtuko lituzketela adieraziz.
Gai honen harira sortutako eztabaidan, adibidez, egun horretan bertan gauez Durango Telebista ikusten benetan harrituta gelditu nintzen. Bertan komentatzen zutenez, tristea da horrelako egoera baten aurrean egotea, izan ere, lurjabeari kenduko diotenagatik oso gutxi ordainduko baitiote.
Hori egia da, ez dago ukatzerik, lurjabeari ez zaio egingo zaion kaltea konpentsatuko. Baina ez lurjabeari bakarrik, herriari ere ez zaio sortuko zaion kaltea konpentsatuko. Izan ere, herriaren ondare kultural eta historikoa hondatzeaz hitz egiten ari gara.
Hau da, orain arteko argudioez gain (ingurumena, paisaia, gastu soziala,...), Elkarlanak beste arrazoi bat azaldu zuen AHTri ezetz esateko: ondare kultural eta historikoaren defentsa.
AHT egiteko izugarrizko dirutza publikoa gastatuko da, batzuentzat badirudi guztiz justifikatua dagoela, niretzako ez. Eta zuretzat justifikatua ahal dago?
Iragan den asteburu honetan guztion ahotan izan den erabakitzeko eskubidea aintzat hartuta, galdetu ahal zaie Abadiñoko herritarrei zein etorkizun nahi duten? Beren dirua zertan inbertitu nahi duten? Ezin dugu ahaztu, proiektu hau guztion poltsikoetatik ordainduko dela. Agian abadiñarrek nahiago izango dute diru kopuru hori ondare historiko eta kulturala berreskuratzeko inbertitzea (adibidez Mendiolako galtzada konpontzeko). Edo agian abadiñarrek nahiago izango dute diru hori krisiari aurre egiteko laguntza sozialetara bideratzea. Zergatik ez diete galdetzen zer nahi duten?
Bestetik, telebista programa horretan zera entzun nuen: «AHT ez da ikusiko, behetik gora begiratuta, zein goitik behera begiratuta, AHT ez da ikusiko». Hori ezinezkoa da, argi eta garbi izan, munstro hau eraikiko balitz, ez ikusteko era bakarra begiak ixtea litzatekeela, eta, era berean, ez entzuteko era bakarra, belarriak estaltzea.
Guk ez dugu hori nahi, ez gara begiak itxita eta belarriak estalita biziko, etorkizunean ere ondare kultural, historiko, natural eta ekonomiko propioa duen Euskal Herrian bizi nahi dugu. Horregatik, zabaldu orain ondo begiak eta behar den lekuan ondo entzun gaitzatela: esan ezetz AHTri.