Maider Eizmendi Kazetaria
Ordurik onena ez da «orduan», da «orain»
Bai, oraintxe!»... Baliabide erabili eta unibertsala, honakoa. Denbora irabazteko saialdia, botatzen duenarentzat, ezezkoaren pareko, aditzen duenaren belarrietan; jakina baita «oraintxe» hori ez dela oraintxe, ezta geroxeago ere. «Ez dut horretan jartzeko gogorik!» Hori da bere benetako esanahia. Horregatik ernegatzen gaitu horrenbeste «oraintxe!» edota «geroxeago!» madarikatu horiek entzuteak, «Egizu zerorrek!» esateko modu finxeagoa baino ez baita.
«Geroa, alferraren leloa» dio atsotitzak. Alferkeriarena ote den ez dakit, baina askoren ahotik entzuten diren gerorako promesei usaina hartzen zaie, «poltsikoaren txin-txin usaina» nahi baino gehiagotan. Garoñaren itxiera geroxeagoko utzi zuten aspaldian, beste «gero» bati deskontu denbora erantsita, baina geroxeago hori ez da sekula iristen.
Bardeetako tiro eremuaren gainean ere beste hainbeste. 1951ean eratu zuten eremua eta 1976an hogeita bost urterako hitzarmena lotu zuten. 2001ean ere «geroxeago» esan zieten behin eta berriz eremuaren itxiera aldarrikatzen ari diren herritarrei. Abenduan jarria du epemuga akordioak, baina itxura guztien arabera, oraingoan ere jada itxaroteaz nazkatuta dauden herritarrei horrenbeste ernegatzen duen «bai, geroxeago!» promes egiteko asmoa dute, horretan ari dira behinik behin. Zehazteko dagoena -oraindik behinik behin ez dute jakitera eman- «gero» horri jarriko dioten muga da. Nonbait Bardeetako tiro eremuari ez diote «alternatiba egokirik» bilatu, baina alternatibak, zertarako?
Itxura guztien arabera, gainera, asmo handirik ere ez dute agintariek inguruko bizilagunen eskaerei erantzuna emateko, hitzarmena beste hamabost urtean ere luza daitekeela aurreratu baitu Bardeetako Batzarreko presidenteak, Jose Antonio Gayarrek.
Erretolikak jasotakoa naiz ni ere «geroxeago!» esaten aritzeagatik eta horrelako sesio batean entzun beharrekoa ekarri nahi diet gogora promes eta promes ari diren agintariei: «Ordurik onena ez da `orduan', da `orain'».