Nafarroako Parlamentuaren parean Euskararen Legearen bidegabekeria salatuko dute
EHE gogor mintzatu zen atzo instituzioen hizkuntza politiken aurka, eta euskararen aldeko borondate politikoa lortzeko presioa egitera deitu zituen herritarrak, besteak beste, «Ley del Vascuence» delakoa desagertzeko.
Jasone MITXELTORENA |
Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak gogor mintzatu ziren atzo, Iruñean, instituzioek euskararekiko duten jarrera salatzeko. Lurralde zatiketaren ondorio diren hiru errealitateen balorazioa egin zuten, guztietan euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen direla nabarmenduz. Nafarroari dagokionez, «Ley del Vascuence» delakoak ezartzen duen errealitatea gaitzetsi zuten, eta eztabaida euskara aitortzen den eremuaren zabalkundera mugatzea ere bai; hala, gaineratu zuten ezinbestekoa dela legea desagertzea, euskarak aurrera egin dezan. Ostegunean, hilak 30, Nafarroako Parlamentuan gaiari buruz eztabaidatuko dutela baliatuz, egoitza aurrean protesta egingo dute 9.00etan.
Nafarroako Gobernuak darabilen «iruzurra» salatu zuten, besteak beste, Euskarabidea delakoarekin «Hezkuntza Sailaren hizkuntza politika justifikatuz». Ingelesa zabaltzek0 aitzakian, D eredua zapaltzea gaitzetsi zuten.
Lakuako Gobernuari dagokionez, «gizarte elebiduna» bultzatu nahi duela adierazi arren «euskara zapalduta dagoela, eta beraz, gaztelaniaren mailara iristeko duen beharra kontuan hartzen ez dela» jakinarazi zuten, ondorioz euskarari behar duen bultzada ez zaiola ematen salatuz; Osakidetzan berriki eskainitako 2.520 lanpostuetatik laurdenean bakarrik eskatzen dela euskararen ezagutza.
Euskararen alde egon eta egin
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Lakuako Gobernuak «eredu gisa» jardun duela nabarmendu zuten. Estatu Frantsesak «ondare» gisa onartu badu ere, euskara gutxietsia dela oroitarazi zuten. Hango Euskararen Erakunde Publikoa Paristik zuzentzen dutela-eta, euskaldunen hizkuntza eskubideak horren bidez bermatzea ezinezkotzat jo zuten, eta bertatik egin beharreko lana dela azaldu. Euskararen alde «egotetik» alde «egitera» igarotzeko garaia dela nabarmendu zuten.