AEBetako kanpaina azken txanpan sartu da, McCain inkestetan atzetik doala
AEBetako hauteskundeetarako bakarrik astebete falta denean, inkesta guztiek Barack Obama demokrata jartzen dute aurretik. Gauzak horrela, John McCain errepublikanoa azken ahalegina egitera behartuta dago, George Bush Etxe Zurian ordezkatu nahi badu.
GARA |
Etxe Zurirako hautagaiek dagoeneko ekin diote hauteskunde kanpainaren azken txanpari. Inkesten arabera, Barack Obama demokrata aurretik doa eta, horregatik, atzo azken hitzaldia egitea espero zen. John McCain errepublikanoak, ordea, azken ordura arte aprobetxatuko du egoerari buelta emateko ahaleginean.
«Hemendik astebetera, hauteskundeak irabazteko herrialdea bitan banatzeko, hiri bat bestearen kontra, eskualde bat bestearen aurka, demokratak errepublikanoen kontra jartzeko prest dagoen politikagintzari amaiera emateko aukera izango duzue. Itxaropena behar dugunean izua erabiltzen dutenak bidaltzeko aukera izango da», adierazteko asmoa zuen Obamak bart [gaur goizaldean, Euskal Herriko ordutegian] Ohioko Canton hiri industrialean.
Hauteskundeetarako zortzi egun baino ez direnean falta, demokraten hautagaiak aurrea hartu dio, gutxigatik bada ere, errepublikanoari eta bere kanpainaren hasieran, 2007ko otsailean, erabili zuen mezua berreskuratu du, itxaropena eta aldaketa oinarri dituena.
Bi hautagaiak Ohion izan ziren atzo, 2004an erabakigarria izan zen estatuan. Astean zehar, Obama eta McCain azaroaren 4ko hautaketan erabakigarritzat jotzen dituzten hainbat estatutan izango dira. Ohioren ostean, Pennsylvania, Virginia, Florida eta Ipar Karolinara joango dira bi hautagaiak. McCain, gainera, Missouri eta Indianara joango da; orain arte errepublikanoak segurutzat ematen zituzten bi estatuok, baina azkenaldian demokraten aldeko jarrera hartzeko joera agertzen dute.
McCainen asmoa Obama hautatzea hiritarrentzako arriskua izango den mezua zabaltzea da. Horrekin batera, zergak igo eta Estatua indartuko duela ere adierazi du.
Presidenteordetzarako errepublikanoen hautagai Sarah Palin Virginian izan zen, inkestetan duten aldea murrizteko beste ahalegin batean.