Gernikako egun handiak euskal baserritarren eguneroko bizipen gorriak ez ditzala estali
Atzo, urriko azken astelehen guztietan legez, Gernikako azoka egin zen. Euskal Herriko azokarik garrantzitsuenetakoa izanik, han bildutako jendetzak euskal baserritarrek ekoiztutako produktuak ezagutzeko eta hauek duten kalitateaz jabetzeko aukera izan zuen. Baina «egun handi» izendatzen diren guztiekin bezalaxe, azoka egunaren atzean askoren urte osoko lana dago. Kasu honetan, lan gogorrak eta esker gutxikoak.
Ez soilik Euskal Herrian, baina bertan ere bai, hiriak eta honi lotutako mundu ikuskerak lurra jaten du, etengabe eta mugarik gabe. Hartara, baserritarrak eta hauen usadioak galbidean daude. Bizi baldintza gogorrei merkatuaren logika ustela gehitu behar zaie, lurra lantzen duena baino gehiago, bitartekari lanak egiten dituena saritzen duen logika.
Folklorearen eta turismo kanpainen irudi izateaz gain, baserritarrak euskal nortasunaren parte dira. Areago, aurrerantzean hil ala bizikoa izango den elikadura subiranotasuna gogoan duen sektore bakarrenetakoa osatzen dute. Ondorioz, nekazari munduaren krisian gutxi batzuen mozkinak baino zerbait gehiago dago jokoan; gure etorkizunaren parte bat, gutxienez.