GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Presoekiko babesa isiltzeko Guardia Zibilak Lesaka «okupatu» zuen larunbatean

GARA |

Euskal preso politikoen biziarteko zigorrak salatzeko larunbat arratsaldean Lesakan egitekotan ziren ekimenak Auzitegi Nazional espainolak debekatu ostean, Guardia Zibilak herria eta inguruak okupatu zituen egun osoan zehar. Karteletan amnistiaren ikurra agertzen zela aitzakia hartuta debekatu zituen Eloy Velasco epaileak larunbaterako antolatuta zeuden mendi irteera, ekitaldia eta bazkaria. Honez gain, afixetan herriko presoen argazkiak azaltzea ere «delitutzat» jo zuen, horrela presoak omentzen direla argudiatuz.

Goizean goizetik Lesakako inguruetan presentzia polizia nabarmena izan zela eman du aditzera amnistiaren aldeko mugimenduak. Herriko sarrerako biribilgunean Guardia Zibilak kontrola ezarri zuen eta herriko plaza «erabat inguratuta» zegoela adierazi du, ekitaldia egin behar zuten mendirako bide guztiak ere hartuak zituztela, eta inguruetako mendietan ere patrolak zeudela. Herriko plazan hiru ordu eman zituzten, eta herriko tabernako ateari begira igaro zuten goiz osoa, «bertan egiten ziren mugimenduak kontrolatuz». Larunbatean egondako kontrol poliziala «izugarria» izan zela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

Larunbatean egin behar ziren ekitaldiak, urtero, sasoi honetan egin ohi dituzte, herriko bi preso, Ainara Fresneda eta Iñaki Fagoaga, egun hauen bueltan kartzelatu baitzituzten. Fagoagak 15 urte eman ditu espetxean eta kondenaren hiru laurdenak bete zituen duela bi urte. Egoera hori salatzea eta kondena beteta duten presoen askatasuna galdegitea zen ekimenaren helburua. Amnistiaren aldeko mugimenduak Guardia Zibilaren jokaera salatu du, haren ustez, Euskal Herrian jarduteko duten «inpunitatea» agerian uzten baitu. Gurean, presentzia poliziala areagotzen ari dela ere salatu du.

Luis Goñi gose greban

Luis Goñi preso barañaindarra, gose greba mugagabean dago joan den ostiraletik. Valdemoroko espetxean aurkitzen da preso, eta zazpigarren moduluan dago, beste kiderik gabe; gainera, laugarren aldiz, preso arrunt batekin partekatu behar du ziega, berak errefusatu arren.

Bestetik, presoen aldeko mobilizazioak izan dira egunotan. Igandean, Altsasun eta Otxandion 50 eta 40 lagun bildu ziren, hurrenez hurren. Atzo aldiz, 90 lagun bildu ziren Ondarroan, 48 Laudion, 46 Iurretan, 63 Santurtzin, 19 Ataunen, 15 Zaldibian, 11 Euban, 19 Bilboko Otxarkoaga auzoan, 30 Errekalden, 31 Altzan, 8 Añorgan eta 11 Abadiñon.

Gasteizko Txagorritxu auzoan, 40 lagun Iñaki Fernandez de Larrinoa auzokide presoaren alde bildu ziren, igandean libre geratu behar zuen arren, bizitza osorako zigorra ezarri diotelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo