GARA > Idatzia > > Kultura

«Antzerkia Txikerrean» ikusgai izango da Bilbon, hamar egunez

Urtero legez, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia ospatuko da hamar egunez El Carmen eta Bilborock aretoetan, eta, berriro ere, haur zein helduentzako proposamenak eskainiko dituzte. Euskal Herriko taldeez gain, Portugal, Bulgaria eta Herrialde Katalanetako taldeak izango dira.

p042_f01_148x104.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Antzerkiko ikuskizunek hamar egunez inoiz baino tamaina txikiagoa izango dute Bilbon, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren 27. edizioa dela-eta. Azaroaren 7tik eta 16a bitartean ospatuko den ekimen honek El Carmen eta Bilborock aretoak izango ditu agertoki nagusitzat. Aurten ere heldu zein haurrentzako ikuskizunak eskainiko dituzte, txotxongiloak publiko guztientzako direla aldarrikatuz. Koldo Viok, Pantzerki izenez ezaguna den Bilboko Txotxongiloen Dokumentazio Zentroko kideak, esan duenez, aurtengo egitarauan «Korrika, Payasa, korrika» lanaren estreinaldia nabarmentzekoa da.

Azaroaren 7tik aurrera, Euskal Herriko hainbat lekutan finkatuta dauden sei taldek egindako proposamenak ikusi ahalko dira eta, horrez gain, Katalunia, Valentzia, Portugal eta Bulgariatik etorritako konpainiak ere izango dira. Hamar talde hauek El Carmen eta Bilborock aretoen artean banatuko dituzten beren ikuskizunak. Koldo Viok azaldu duenaren arabera, bigarren aretoan gauetan sortu ohi da helduen arteko giro bikaina, txotxongiloez gozatu ahal izateko aproposa. Pantzerkiko egoitzan, horrez gain, bestelako ekitaldiak egingo dira aldi berean, hau da, ikastaroak, film laburrak, nazioarteko topaketa bat eta hitzaldiak izango dira.

Hamar aukera anitz

Ekimenaren antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, «programatutako hamar ikuskizunei dagokienez, ikusleek denetarik aurkituko dute bertan, haurrentzako edukiak eta helduei zuzendutakoak barne». Era berean, euskaraz zein gaztelaniazko lanek osatzen dute egitaraua. Phanta Rhei arabarrak bi lan antzeztuko dituzte jaialdian. Lehenik eta behin, pelutxezko eta jostailuzko lagun talde baten istorioa azaltzen duen «Korrika, Payasa, korrika» lanaren estreinaldia egingo dute, eta «Txaribari» ikuskizuna ere antzeztuko dute El Carmen aretoan. Euskal Herriko taldeekin jarraituz, Rosa Maria Martinezek «Rosa, kontaidazu ipuin bat!» taularatuko du, eta Gus Txotxongiloak taldeak «Mari Errauskin» haurrentzako ipuina antzeztuko du. Antzezkizuna Ginol taldeak, «Ipuin lapurra» lanean, banku-lapurra ezkutatuta daraman kalez kaleko izozki saltzaile bati buruzko istorioa azaltzen du. Euskal txotxongiloen ordezkariekin bukatzeko, LaEnanaNaranja bizkaitarrak ere han izango dira, eta «Inmundo, hesi puskatzailea» ikuskizuna eskainiko dute adin guztietako ikusleen aurrean.

Nazioarteko taldeei dagokienez, Kataluniatik «Paperezko kabareta» ekarriko dute, antolatzaileen hitzetan, «azalekoa eta sakona dena, pedagogikoa eta ikonoklasta, samurra eta ankerra». Valentziatik, Bambalina Teatre taldeak «Kraft», testurik gabeko lana, aurkeztuko du galdera zehatz batetik abiatuz: nora ote doa zuhaitzaren arima, paper bihurtzen denean? Portugaleko talde bat izango da aurtengo jaialdian; Forma Animatuen Teatro Taldea, hain zuzen, «Mamulengo» ikuskizunarekin. Lanak botereari buruzko parodia egiten du, eta adin guztietako publikoarentzat egokia da hau ere. Koldo Viok gaineratu duenaren arabera, Bulgariatik datorren proposamena ere oso interesgarria da. «Hiru txerrikume» ipuinaren bertsio bitxi bat eskainiko du Kalina antzerki taldeak, otsoa zoo batean gatibu baitago eta lapurra baita.

Ikuskizunez baino harago doan jaialdia

Barrainkuako Udaltegian, hots, Pantzerkiko egoitzan, bestelako hainbat ekitaldi izango dira: erakusketa bat, film laburrak, hitzaldiak eta nazioarteko topaketa bat iragarri dituzte. Lehenik eta behin, jaialdiak irauten duen egunetan Pepe Otalek bere tailerrean egindako lanari buruzko erakusketa izango da. Orain dela bi urte izan zen jaialdian eta omenaldi antzeko bat eskaini nahi diote erakusketa honekin. Topaketari dagokionez, Txotxongilo femeninoen bigarren edizioa ospatuko da, euskal artistei esperientzia trukea egiteko aukera emanez. Horrez gain, txotxongiloak protagonista dituen bi film labur ere pasatuko dituzte Pantzerkiko egoitzan. Ikastaroak eta hitzaldiek osatzen dituzte aldi bereko jarduerak. Bi kurtso antolatu dira; bata euskaraz, «Txotxongiloen erabilera erraza», teknika eszenikoei buruzkoa, eta bestea, gaztelaniaz, «Goma-aparrezko txotxongiloak lantzeko teknika» izenekoa. Azkenik, txotxongiloak Interneten duten tratamendua eta Bunraku deritzon Japoniako txotxongilo-tradizioaren gaineko hitzaldiak izango dira. I. A.

ERAKUSKETA

Jaialdiaren harira antolatzen den erakusketa aurten Pepe Otalen lanari buruzkoa da. Orain dela bi urte, Bilbon egon zen bere lan batzuekin, eta omenaldi gisa, haren tailerrean egindako lana erakutsiko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo