GARA > Idatzia > > Kultura

Gizateriaren migrazio prozesua ardatz du «Urdaneta. Joan-etorriko bidaia» erakusketak

p043_f02_97x68.jpg

GARA | ORDIZIA

«Urdaneta. Joan-etorriko bidaia» izenburuarekin, Patxi Polo argazkilariak irudi erakusketa zabaldu du Ordiziako D´Elikatuz zentroan, Andres de Urdaneta jaio zeneko V. mendeurrenaren ekitaldien barruan. Lan horren funtsezko helburua, Urdaneta nabigatzaile eta esploratzailearen mendeurrenaren oroitzapenaren bitartez, historian zehar, Erdi Aroa baino lehenagotik orain arte, migrazioak izan duen eta oraindik duen eraginaren garrantzia erakustea da.

Erakusketak migrazio prozesua errealitate natural gisa erakutsi nahi du, betidanik kultura ezberdinetan agertu izan den elementu gisa, eta gizateriaren berezko eta bere baitako indar den heinean irauten duena.

Joan-etorriak

Erakusketan hainbat etorkinen bizipenak islatzen dira; hasieran buruan zuten aurreikuspenekin zerikusirik ez zuten ideia batekin jatorrizko herrialdera itzuli direnenak eta, bestetik, lehendik bizi zen jendearekin bertan geratuko direnenak, belaunaldi berriak sortuz.

Alde batetik, pasioak eta garai haietako beharrizanak eraginda, ozeano bihurri zeharkaezinak ezerosotasunez betetako itsasontzi batean zeharkatzera ausartzen ziren gizonengana hurbilketa egiten du Polok, horretarako leku eta arrasto entzutetsuak baliatuta. Hala, berebiziko garrantzia izan zuen Urdaneta marinel gipuzkoarrari arreta berezia eskaintzen dio, era berean, Elkano eta Legazpirekin izan zuen harremana ere azalduz.

Bestetik, Ameriketako hainbat herrialdetako -Mexiko kasurako- etorkinen bizimoduari dagozkion zenbait une biltzen ditu erakusketak, Urdanetak zabaldu zuen merkataritza ibilbidearen omenez, garai batean egin zuen itzulerako bidaiari esker Manila eta Acapulco batu baitzituen.

Irudiez gain, lagungarri diren azalpen testuak erantsi dira, argazkian agertzen diren irudien historia ikusleak gertutik jarrai dezan, eta migrazio kontzeptua, gizateriaren errealitatea eta dimentsio ezberdinak landuko dira. Erakusketa azaroaren 9a bitartean zabalik egongo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo