Musikaren hedapenerako jardunaldiak, Bilbon
AlhondigaBilbao zentroak «modu berezian» ospatuko du lehenengoz Santa Zezilia eguna (azaroak 22) eta, horretarako, musikaren hedapenera zuzendutako eta «ulerterrazak eta arrazoizkoak diren» jardunaldiak antolatu ditu azaroaren 10, 14 eta 24rako, eta abenduaren 1erako, «Goazen kontzertura» izenburupean. Orokorrean musikazaleei eta, bereziki 55 urtetik gorakoei zuzendutako musikaren hedapenerako jardunaldiok Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga kontserbatorioan egingo dira lau egun horietan, 17.30etik 19.00etara, musika eta horren sekretua herritarrengana hurbiltzeko xedez.