GARA > Idatzia > > Kultura

Kanpingags taldekoak «Ilunpetan» ibiliko dira gaurko estreinaldian

Peter Shafferren testuan oinarrituta, Lander Iglesiak zuzendutako antzezlan batekin datoz Kanpingagseko kideak. Aurreko astean «El Apagón» gaztelaniazko bertsioa estreinatu ondoren, gaur gauean Zornotza Aretoan izango dira euskarazko moldaketa eskaintzeko.

p049_f01_97x136.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Iluntasunaren eta argiaren arteko jokoa da Kanpingags taldearen antzezlan berri honek daukan elementurik bereizgarriena. Aurreko astean, Santurtzin, gaztelaniazko bertsioa estreinatu ondoren, hots, «El apagón», gaurkoan euskaraz antzeztutakoaren txanda izango da, 21.00etan. Lander Iglesiasek zuzendu du lan hau, euskarara Julia Marinek moldatu duena.

Antzezlan honen testua Peter Shafferrek idatzi zuen, eta Iglesiasek azaldu duenaren arabera, honen erritmo bizkor eta dardaratsuagatik aukeratu zuen. Bestalde, zuzendariak argi utzi du taularatzea ondo joan dadin, publikoaren laguntza ezinbestekoa dela. «Ikusle eta antzezleen arteko lotura erabatekoa izan behar da, bestela gaizki joan dela sumatzen da», esan du. Pasa den astean Santurtziko Serantes kultur aretoan egindako estreinaldia oso ondo atera zela ziurtatu du zuzendariak. «Barre algarak entzun ahal izan ziren», azaldu du, eta, bere aburuz, horretan datza gehienbat antzezlana, oso eszena barregarriak baititu. Pertsonaiak estereotipo hutsak dira eta horrek ekartzen dituen egoerak publikoak barre egitea eragiten du. Zuzendaria testuaren kalitateaz ziur dago, eta etorkizun arrakastatsu baten zalantzarik ez du azaldu.

Brindsley eta Carol dira bikote protagonista, ezkontzera doazenak. Arte-bildumagile baten bisita izango dutenez, beren bizilagunaren altzairuak hartu dituzte etxea itxuratsu gera dadin. Argia joaten denean hasten da nahasketa. Bizilaguna agertzen da, eta bikotea saiatzen da iluntasunaz baliatzen altzairuak itzultzeko. Baina egoera guztiz nahasteko, Brindsleyren neska ohia agertzen da, berak benetan maite izan duen neska. Komedia prest dago, horrenbestez, hamaika eszena barregarri ikusi ahal izateko.

PRESTAKUNTZA

Zuzendariak azaldu duen eran, oso prestakuntza gogorra izan da, denbora gutxian egin baitute. Hala ere, antzezle talde bikaina dagoela nabarmendu du, besteak beste, Asier Hormaza, Itziar Ituño edo Ramon Ibarra.

argiaren eta ilunaren arteko joko eszenikoa

Antzezlanaren zuzendariak, Lander Iglesiasek, azaldu duen eran, publikoaren parte-hartzea ezinbesteko zaie. Argiaren eta iluntasunaren arteko jokoa da, gehienbat, laguntza hori behar duena. Egoera nahasten da argia joaten denean. Baina horretan datza jokoa. Agertokian argirik ez dagoenean, antzezleak argia egongo balitz bezala daude. Ilunaldia hasterakoan, aldiz, agertokiko argiak pizten dira ikusleak nahastuz eta egoera bitxia sortuz. I. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo