GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Mendi goiak zuritu diren arren, arazo gutxi sortu ditu elurrak euskal errepideetan

Asteartean alerta laranja ezarri bazuten ere, eguraldiak hobera egin duela-eta, atzo bertan behera utzi zituzten elurteetarako larrialdi planak Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan. Elurrak goiak zuritu baditu ere, errepide sare nagusian ez da aparteko arazorik sortu.

p016_f02.jpg

GARA |

Euskal Herriko hainbat bazter elur zuriz estali dira azken egunetan, hala eta guztiz ere, udazkeneko lehen elurte hau ez da gogorregia izan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erdialdean eta Nafarroako iparraldean egin zuen elurra batez ere, baina, atzo ez zen errepideetan inolako arazorik izan. Eragozpen handienak asteazkenean gertatu ziren Herrera mendatean, ibilgailuek kateak erabili behar izan zituzten arratsaldeko zenbait unetan. Hala eta guztiz ere, iluntzerako arazorik gabe ibil zitezkeen.

Alerta bertan behera

Adituen iragarpenen arabera gainera, oraingoz okerrena pasa da eta datozen egunetan elur maila gutxi jaistea espero dute. Hain zuzen ere, gaur 1100 metrotik gora zurituko duela iragarri dute.

Asteartean alerta laranja ezarri zuten Hego Euskal Herrian izan zitezkeen elurteak zirela eta. Hala ere, atzo, bertan behera utzi zituzten elurteetarako larrialdi planak eguraldiak hobera egin zuela-eta. Nafarroan, Neguko Bideragarritasun Plana jarri zuten martxan elurrak errepideetan sor zitzakeen arazoei aurre egiteko, horrela, 360 langile eta elurra kentzeko 91 makina prestatu zituzten.

Lakuako Gobernuak, bestetik, Neguko Bidezaintza Plana abian jarri zuen. «Laguntzarako, trafikoaren zaintzarako eta EAEko errepideen mantentze lanetarako dauden baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzeko diseinatua dago plana» Lakuako Herrizaingo Sailaren arabera.

ARABAN OKERREN

Araban eragin zituen elurrak eragozpen handienak asteazkenean. Herrera mendatean une batez ibilgailuek kateak erabili behar izan zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo