GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria

Aldaketa monetarioaren beharra

Bankuek dirua sortzeko pribilegioa geldiarazi behar da, erreserba- sistema frakzionalarekin bukatuz. Eta Euskal Herrian? Zer esan dakieke Euskal Herri osoan aritzen diren banku eta aurrezki-kutxa guztiei?

AEBetako American Monetary Institute (AMI) urtetan egon da Stephen Zerlangaren gidaritzapean aldaketa monetario sakon bat proposatuz. Zerlangaren lanik nagusia «The Lost Science of Money» da, eta publikatutako artikulu askoren artean «The need for monetary reform». Hona hemen azken lan horren punturik garrantzitsuenak (http://www.monetary.org/need_for_monetary_reform.html):

(a) Erreforma monetarioa kritikoa da oso. (b) Dirua sortzeko ahalmena harritzeko moduko boterea da, askotan indartsuago botere exekutibo, legegile eta judizialaren konbinaketa baino. (c) Ahalmen hori pribatuki kontrolatuta dagoenean erabil daiteke aberatsak areagotzeko. Eta garrantzitsuena: berak determinatzen du gure gizartearen norabidea, dirua nora doan erabakiz -zer finantza daitekeen eta zer ez-. Erabakiko al da azpiegiturarako? Ala joango al da gerlak finantzatzeko edo higiezin errealeko maileguetara, aktibo-prezioko inflazioa sortuz -hau da, higiezin errealeko burbuila-? (d) Hortaz, dirua jaulkitzeko boterea ezin da inoiz alboratu demokratikoki aukeratutako gobernutik, eta esku pribatuetan jarri, gaur egun AEBetako Fed-ekin gertatzen den moduan. (e) Izan ere, AEBetako diru-eskaintzaren gehiena ez du Gobernuak sortzen, banku pribatuek baizik, beraiek maileguak egiten dituztenean. (f) Fed-en erreserba frakzionalaren prozesuaren bidez, sistemak erosteko medioak sortzen ditu bankuek maileguak egiten dituztenean txeke-kontuetan. Hortaz, AEBetako diru gehiena interesa daraman «zor» gisa jaulkitzen da. (g) Gu (AEBetako hiritarrak) diru-sistema hori maileguz hartzen ari gara banku pribatuetatik, eta sistemaren jabe izan beharko ginateke, ez hura errentan hartzea. (h) AEBetako Gobernuak subiranotasun boterea dauka dirua jaulkitzeko eta bera gastatzeko ongizate orokorra sortzearren. (i) Aldiz, sistema monetarioa gaizki erabiltzen ari da espekulaziorako, bankugintzak historikoki egin duen moduan (ikus «The Lost Science of Money» liburua). (j) Diruak balioa dauka trebetasun-jendearengatik, baliabideengatik eta azpiegiturarengatik, batera lanean marko sozial eta legalaren barnean. Dirua beste guztiek funtziona dezaten beharrezko labaingarria da. Berez ez da aberastasuna, aberastasuna lortzeko ahalmena baizik. Dirua legean oinarritutako botere sozial abstraktua da, eta gobernuak zergak ordaintzeko onartzen duen edozer izango da dirua. Orain bera kontrolatzen duten korporazio pribatuek ez dute dirua kreatzen. (k) Zoritxarrez, diru-sormen pribatuaren esperientzia iruzurren, kudeaketa txarren eta are zitalkeriaren historia luzea izan da. Bankugintzaren abusuak begi bistakoak eta etengabekoak izan dira (ikus Zarlenga-ren liburua). (l) Diru-sormen pribatuak (bankuen erreserba frakzionalaren bidez lortua) inoiz ikusi ez den aberastasun-kontzentrazioa sustatzen du, zeinak prozesu demokratikoa deuseztatzen baitu. (Populazioaren %1ek baino gutxiagok aberastasunaren %50ko jabegoa dauka.) (m) Desoreka izugarri horrek sistema monetarioaren erreforma eta aldaketa eskatzen du. (n) Azpiegituren lanek kalitatezko enplegua hornituko lukete. (ñ) Batzuen iritziz, proiektu horiek gauzatzeko, gobernuak dirua maileguz hartu behar du edo zergapetu. Baina oso ezaguna da ezen gobernuak behar den dirua zuzenki sortu ahal duela, eta proiektu horietarako gastatu, inolako ondorio inflaziogilerik gabe.

Erreforma edo aldaketa monetarioak hiru atal ditu, zeintzuk batera hartu behar baitira, aldaketak lan egin dezan. Hona hemen atalok:

(1) Federal Reserve sistema AEBetako Altxor Publikoan sartu behar da, non diru guztia gobernuak sortzen baitu, diru gisa, ez interesa daraman zor modura. Diru hori aberastasun orokorra bultzatzeko gastatuko da. (2) Bankuek dirua sortzeko pribilegioa geldiarazi behar da, erreserba-sistema frakzionalarekin bukatuz. Iraganean monetizaturiko kreditu pribatu guztia AEBetako gobernu-dirua bilakatuko da. Orduan bankuak benetan bitartekari moduan arituko dira, aurrezki gordailuak onartuz eta mailegariei gordailu horiek maileguz emanez. Hau da, bankuek egin behar dute jendeak oraindik uste duena, ez benetan egiten dutena. (3) Diru berria azpiegituretan gastatu behar da, heziketan eta osasungintzan barne.

AIMkoek bultzaturiko Money Reform Plan delakoak zergapekoei aurreztuko die dolar kopuru izugarria. Izan ere:

(I) Erreformaren menpe, soilik AEBetako Gobernuak, ez banku pribatuek, dirua sortuko luke. Zarlengak eta AIMkoek proposatzen dutena 1930ko hamarkadan zenbait ekonomilarik proposaturiko Chicago Plan delakoaren antzerakoa da. (Chicagoko Plan horretaz, ikus http://www.monetary.org/chicagoplan.html. Ekonomialari horiek gobernuak dirua sor zezan nahi zuten, ez zorra). (II) Plan berriaren arabera, gobernuak diru berria gastatuko du beharrezko diren azpiegituretan, baita heziketa eta osasungintzako azpiegituretan ere. (III) Aldiz, gaur egungo kontrol pribatuaren menpe, diru gehiena burbuila espekulatibora, Wall Street-eko jolasetara eta higiezin errealera doa.

Zarlengaren aburuz, gizarte-kontrolaren menpe, diru gehiago joango da aberastasun orokorra bultzatzera. Gainera, inflazioa alboratuko da, zeren aberastasun material erreala produzituko baita prozesuan.

Hona hemen, bada, krisitik ateratzeko proposamen zehatz eta sakona. Proposamena, noski, arlo teorikoan sartzen da , ez baitago beste erremediorik. Zarlengaren leloa hauxe da: «Denboraren gainean, diru-sistema kontrolatzen duenak nazioa kontrolatzen du».

Eta Euskal Herrian? Zer esan dakieke Euskal Herri osoan aritzen diren banku eta aurrezki-kutxa guztiei? Zer egin daiteke horiekin guztiekin? Irakurleak du hitza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo