KIROL ESKALADA Igoerak
Kateatze gogorren artean
Patxi Usobiagak «Action directe» entzutetsua (9a) egin du. Iker Pouk, berriz, hainbat 8c+ eta 8b graduko bloke bat. Turtziozen, berriz, eskalada topaketa arrakastatsuak egin dituzte.Andoni ARABAOLAZA
Udazkena aurrera doa, eta kirol eskaladako espezialista gogorrenak, lo hartu ordez, soka zein koltxonetak bizkarreratu eta kateatze adierazgarriak egiten ari dira bai zailtasunean, bai blokean.
Zailtasuneko berriei dagokienez, azken igoerarik beroena Patxi Usobiagak Alemaniako Frankenjuratik ekarri digu. «Action directe» bideari buruz ari gatzaizkizue. Ziur aski irakurleak ondo baino hobeto jakingo du marra hori 1991. urtean historian sartu zela. Bidea igo zuen lehen eskalatzaileak, Wolfgang Gullich alemaniarrak, munduko lehen 9a proposatu zuen.
Munduko Kopak eskainitako tartea zela-eta, eskalatzaile eibartarra pasa den udaberria bide mitiko horren nondik norakoak ezagutzera joan zen. Eguraldi kaskarrarengatik, ez zuen «Action directe» kateatzeko astirik izan, baina, baieztatu zigun legez, nahiko puntuan zuen. Duela aste pare bat, Usobiagak eskola hartara bisita egin, eta azkenean, Gullichen marra bere egin du. Bere iritziz, garrantzi handiko trilogia bat sinatu du: «Action directe»rekin batera, «Biographie» (9a+, 2004) eta «La Rambla» (9a+, 2007).
Kronikaren bigarren protagonista Iker Pou dugu. Haren kateatzeak aipatu baino lehen, gogoratu behar dugu bera izan zela «Action directe» eskalatu zuen lehen euskal eskalatzailea; bigarrena, berriz, Usobiaga. Gasteiztarra ere une ederrean dago. Izan ere, bai zailtasunean, bai blokean berri oso onak eman ditu.
Zailtasunean, adibidez, denboraldi honetan 8c+ graduko lau bide egin ditu. Horietako hiru Margalefen (Katalunia): «Ingravid Sherps extension», «Victimes del passat» eta «Victimes del futur». Eskola bereko «Aitzol» ere egin du, Andoni Perezek zabaldutako 8c-ko bidea; bigarren saioan egin ere. Laugarren bide gogorra Nafarroako Eulaten kateatu du: «Delirium». Pouren esanetan, Eulateko marra gogorrena da. Jaime Sanzolek ekipatu zuen, 25 metrokoa da eta indar-erresistentziakoa.
Blokean, bestalde, Larraonatik (Nafarroa) pasa eta Euskal Herriko 8b-ko bigarren proposamena sinatu du: «Morning Glory». Karlos Doval eta Asier Anguloren obra da, 10 mugimendukoa.
Nafarroatik irten gabe, bertako bi eskalatzaile aipatu behar ditugu orrialdeotan: Ekaitz Maiz eta Dabid Bizkai. Biek ala biek Aizpungo «Pistolaren mintzoa» bidea (8c+) bete dute. Bidea Maizek berak ekipatu zuen, eta ondoren katea kendu eta beste bi txapa gehitu zizkion. Bizkaik desagertu den kateraino eskalatu zuen; Maizek, aldiz, kate berriraino. Azken honek, gainera, eskola bereko «Ardi beltza» (8c) egin du. Bizkaik, besteak beste, «Gaua» (8c, Lezaia).
Urriaren azken asteburuarekin batera, «Turtzioz 08, V. Eskalada Topaketa» ekimenak beste agerraldi bat izan zuen. Iaz etena izan zuen, baina aurten bazirudien hitzordua ezinbestekoa zela; eta hala izan da. Ohi den legez, Baltzola Mendi Taldeak eta Turtziozko Udalak elkarlanean antolatuko eskalada festa hau Bizkaiko herri horretan burutu zen. Asteburu osoa eta betea, betiere antolatutako ekitaldiei dagokienez.
Ostiral gauerako oso emanaldi ederra prestatu zuten; bueno, hobeto esanda Igor Mendizabal Goxerrik «Kirgizistan, Ak-Su bailaran eginiko eskaladak» ikus-entzunezkoa eskaini zuen. Larunbat goizean, berriz, eguraldia lagun eskalada txapelketa hasi zen. Antolatzaileek elastikoa, ur botila eta eskolako gida bana eman zizkieten parte-hartzaileei. Deiari erantzunez, ehundik gora eskalatzaile hormetara bertaratu ziren: bakoitza bere mailan, nahi zituzten bideak egiten, epailerik gabe eta urduritasunik gabe. Xarma ederra duen txapelketa honen irabazlea Zigor Arteaga izan zen.
Ondoren, babesleek emandako opariak, zozketen bidez, parte-hartzaile guztien artean banatu zituzten. Herri afaria frontoian, beste txapelketa berezi bat (garagardo kutxak eskalatzearena; guztira, 30) eta festa. Festa galanta, gainera!
Amaitzeko aipatu behar dugu aurtengo topaketa honetan Turtziozko Eskalada Eskolako gida aurkeztu eta kaleratu dutela. Jon Ander Kapik eginiko lan paregabea da. Bertan 100 bide eta gehiago azaltzen dira eta 5 eurotan salgai duzue Turtziozko El Tilo tabernan eta Bilboko Mendiko Etxea dendan.