GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Euskalerria Irratiak «Entxuferik gabe» ospatuko ditu 20 urteak

Egunero ez da 20 urte betetzen; ondo dakite hori Euskalerria Irratiko kideek, eta horregatik ospakizun berezia antolatu dute datorren ostiralera. Hoberen egiten dutena saioak igortzea denez, horixe egingo dute, baina era ikusgarri batean, zuzeneko musika eta gonbidatuekin.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Ospakizun bat iristerakoan ezohiko ekintzetara jotzeko joera dago maiz; Euskalerria Irratikoek, ordea, argi dute 20. urteurrena ospatzeko egunero egin ohi dutena egingo dutela. Hori dela-eta, hurrengo ostegunean, hots, lehen emisiotik 20 urte beteko direnean, saio berezi bat egingo dute. Ez da, ez, ohiko irratsaioa izango. Lehenik eta behin, zuzeneko musika eskainiko dute Fermin Muguruza Hirukote akustikoa, Cheese and Road Ensemble, Hesian eta A-laikapela taldeen eskutik. Horrez gain, Nafarroako kirolari esanguratsuak izango dituzte elkarrizketatzeko, esate baterako, Oinatz Bengoetxea, Egoi Martinez edo Oier Sanjurjo. Azkenik, parte hartu ohi duten kolaboratzaileak eta egitasmoa aurrera jarraitzeko bidean laguntzen dutenak egongo dira Barañaingo Auditorioan egingo duten saio horretan.

Irratiko kidea den Pello Argiñarenak azaldu duenaren arabera, ateak zabalik egongo dira baina aurrez aurretik izen ematea komeni da, aretoan sar daitekeen pertsona kopurua mugatu baita. Hori dela-eta, Euskalerri Irratiarekin harremanetan jarri beharko du joan nahi duenak, bai telefono bidez -948 17 01 51 telefonoan- bai helbide elektronikora idatziz -administrazioa@euskalerriai. com-.

Saioak, bestalde, azken urteetako ibilbidea begiratzeko parada ere eskainiko du. Lizentzia lortu ez izanaren arrazoiak mintzagai izango dira. «Egunero zortzi ordutan bertako informazioa eskaintzen dugu, gu geuk egindako produkzioak, hori harri bitxi bat da», esan du Argiñarenak. Azaldu duenez, beste irratiek gehienetan Madriletik egindako programak izan ohi dituzte eta deskonexio labur batzuez gain, kanpoko gaiak jorratzen dituzte. Horretan datza, azken finean, «Entxuferik gabe» egitasmoa; merezi duenak lizentzia lor dezala. «Ohore gauza bat bihurtu da», esan du Pellok. Hemendik aurrera orain arte ibilitako bidean jarraituko dute, haien egitasmoa egunez egun euskal irrati bihurtzen jarraituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo