GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

J. ARRONDO, R. PASCUAL, M. EIZMENDI, J.MITXELTORENA

Bezeroak erakartzeko buruari bueltaka

Aurkari handia da, baina eguraldiaren hizketa gaia pisua galtzen ari da. Krisia da aspaldi honetan herritarren artean bolo-bolo dabilen gaia. Oraindik ere horren eragina ez dela agerikoa diote batzuk, baina badaezpada ere, tabernari eta saltzaile batzuk hasiak dira bezeroak erakartzeko beherapen eta promozioak jartzen.

p002_f01_111x111.jpg

 

Erabat ito aurretik, gerrikoa estutu. Inork ez daki ondo zein puntutaraino eta noiz arte luzatuko den balizko krisia. Bi ogi erosi beharrean bat eta erdirekin pasako da norbait, bi kafe tabernan hartu beharrean bakarra hartuko du, akaso, besteren batek...

Hartara, aste honetan bertan argitaratu da ostalaritza arloan jarduerak %20 egin duela behera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horregatik, hainbat ostalari eta saltzaile irudimena finduz kontsumitzaile eta erosleak erakartzeko bideak zabaltzen hasiak dira.

Krisiaren eragina gora eta krisiaren eragina behera, oraindik ere asko asaldatzeko dago Tolosako Asteasuarra tabernako Benito Usabiaga. «Jendeak txikitorik hartzeko dirurik ez badu oso gaizki gauden seinale», adierazi du. Bere tabernan ez du kontsumoa murriztu den zantzurik izan, «jendea berdin etortzen da egunez, eta gauean gazteek ere ez diote irteteari utzi».

Horregatik, inolako neurririk jarri edota beherapenik egiteko premiarik ez du ikusi, «gainera, gurean prezio baxuak daude». Tabernak tertuliarako tokiak direla nabarmendu du eta zera galdetu, barrezka: «Non hitz egin behar du jendeak krisiaz eta honen ondorioez tabernan ez bada?».

Tartean-tartean badira, ordea, krisiak mahai gainean jarritako erronkari aurre egiten hasi direnak. Horretarako bideak ugariak izan daitezke, Donostiako Casa Vergara jatetxean bezeroei gehien gustatzen zaien estrategiaren aldeko apustua egin dute, prezioak txikitzea alegia. Alvaro Manso jatetxeko arduradunak aditzera eman duenez, Gipuzkoako hiriburua ez da garestia, ez behintzat, bertan eskaintzen den kalitatea aintzat hartuz gero. «Alderatuta, beste toki batzuk garestiagoak dira, ez baitira hemen bezain kalitate oneko produktuak eskaintzen».

Hiriburuaren nolakotasunean dago arazoa, Mansoren hitzetan. Donostia lotarako hiria da, lasaia, eta ez dago taberna giroko mugimendurik, ezta gauekorik ere; jendea gero eta gehiago geratzen da etxean, eta ez da harritzekoa, zerbait hartzera irtetea garestia delako».

Haren esanetan, krisi garaian, gainera, joera hori nabarmendu egin da, «jende gutxiago dabil». Estrategia ona da, bere iritziz, prezioak txikitzea: «Hemen prezio merkeagoak daudela dakien jendea lehenago etorriko da hona, bai gazteak, eta bai helduak ere». Hiriburura bertaratu eta kasualitatez bere tabernara sartzen direnak ere, «harrituta» geratzen direla esan du. Kafesnea 0,90 euroan jarri du, kafe hutsa, 0,70ean, eta pintxoak berriz, 0,60tik 2ra artekoak aurki daitezke; lehen, 3 eurotik gorakoak ere baziren.

Prezioak merkatzeko erabakiaren gainean beste tabernariek ez diotela ezer esan adierazi du. «Ezta beharrik ere, beraiek beren negozioekin nahi dutena egiten duten bezala, neuk ere hala egingo dut».

Hartu duen bidea errentagarria den edo ez oraingoz ezin du neurtu, «urte bukaeran jakingo dut». Hala ere, uda pasa dute eta udazkenean ere gogor sartu direla nabarmendu du. «Nahiago dut gutxiago irabazi arren tabernan jendea izatea, hau hutsik izatea baino», azaldu du.

Bada, ordea, bide hori hartzeko modurik ez duenik. «Guk prezioak ezin ditugu gehiago merkatu, ezta promoziorik egin ere, gainerakoan alperrik arituko gara horrenbeste lan egiten», esan du Tolosako azokan saltzen duen Hernialdeko baserritar batek. «Landareak pagatzeko ere nahiko lan dugu askotan, eta horietan eta pentsuaren prezioan ez dute inolako ofertarik egiten», adierazi du. Oraindik ere krisiaren eragina ez dute asko nabaritu, «baina zantzuak badira» eta kezkatuta daude honek zer ekarriko duen.

Promozioak, ordu batzuetan

Bilboko Alde Zaharreko erakustokien kasuan, krisialdiak ez du eragin nabarmenik izan. Jatetxeei dagokienez, bakar batzuetan afixak ikus daitezke egunean-egunean jatekoa iragartzen dutenak. Hala ere, ez da eskaintza berezirik antzematen, eta eguneko menu gehienen prezioa lehengoan dago, 9 eta 12 euro bitartean, hain zuzen.

Denda eta tabernetan, aitzitik, nabarmenagoa izan da kontsumoaren beherakada eta horrek eraman ditu ugazabak eskaintza bereziak egitera. Hala, arropa eta janari saltokiei dagokionez, nor bere modua bilatzen saiatu da jendea erakartzeko, eta kartel ugari ikus daitezke eskaintzen berri ematen: batzuek bi produktu baten truke saltzen dituzte, beste batzuek ordutegi jakin baten barruan edariak prezio erdian jartzen dituzte, besteek pintxoen prezioa merkatzeko erabakia hartu dute... Arazo berari, askotariko irtenbideak eman zaizkio, beraz.

Erakusleihoek adierazten dutena baino esanguratsuagoa da krisialdiak erosleen kopuruarengan izan duen efektua, garai batean baino jende gutxiago antzematen baita Bizkaiko hiriburuko dendetan.

Iruñeko saltoki txikietan ez dute ulertzen krisiaren harira azken boladan sortu den aztoramena, beren hitzetan, urte asko baitaramatzate egiazko krisia pairatzen. Batzuek euroaren etorrerak ekarri zuen prezioen garestitzea jotzen dute abiapuntutzat, gai guztien prezioek gora egitean gutxiago saltzen zela nabaritu baitzuten. Horrez gainera, azken urteetan hainbat faktoreren artean merkataritza gune handien irekierak bestelako saltoki asko ixtera behartu du. Duela hiruzpalau urte izan omen zen beraientzat unerik gogorrena, Alde Zaharreko Kale Nagusiko Maitagarri arropa dendan azaldu dutenez, eta geroztik gorabeherak izan dira, baina aurtengoa ez dute bereziki larritzat jotzen.

Tabernen kasuan, lehen aldiz ikusi dira zenbait lekutan edarien prezio merkeagoak iragartzen dituzten kartelak. Denden kasuan bezala, tabernetan ere prezioak nabarmen garestitu dira azken urteetan, eta ondorioz bestelako aisialdi moduak indartu dira. Hala ere, beti prezio txikiagoak izan edo eskaintza bereziak egin dituzten tabernez gainera, orain arte egoera dexentean ziren zenbaitetan ere ikusten dira edari merkeagoak iragartzen dituzten kartelak.

Aspaldi honetan pairatzen duten krisiari aurre egiteko, Alde Zaharreko denda txikiek denetariko saiakerak egin dituzte beren jarduera indartzeko. Horren adibide izan daiteke Saltzaileen eta Ostalarien Elkartetik bultzatu diren kale animazio ekitaldiak eta saltokiak erakargarri egiteko ekimenak. Kale Nagusiko arropa dendakoek azaltzen dutenez, «saltzaileoi eskatzen zaigu kaleak apaindu eta alaitzeko. Nola daiteke hori? Egiten ditugu, bai, zenbait ekitaldi, baina gure ardura ote da hori?».

Udaletxea orain hasi omen da saltokiak berritu eta moldatzeko dirulaguntzak eskaintzen, baina askorentzat beranduegi da jada. Atzerabiderik gabeko prozesua aspalditik abiatu da Alde Zaharrean; duela hamar urte arte belaunaldiz belaunaldi iraun izan duten saltokiak ixten ari dira etengabe Iruñea Zaharrean. Krisia? Saltzaileek argi daukate egoeraren erruduna ez dela orain iragartzen den krisi hau, saltoki txikien kontra aspalditik gauzatu diren politikak baizik.

Arrazoi bategatik edo besteagatik, ostalari eta saltzaileek ezin dute besoak gurutzatuta geratu eta zerbitzatzen jardun nahi duten bitartean, bezeroak erakartzeko bideak prestatzen eta pentsatzen aritu beharrean dira.

Etxetik kanpo jan bai, baina merkeago

Gauza berria dela ezin esan, baina gero eta taberna eta jatetxe gehiagotan plater konbinatuen aldeko eta zehaztutako menu berezien aldeko apustua egiten ari dira, are gehiago azken boladan. Kartara jateko hautua okasio berezietarako uzten da. Tolosaldeko ostalari batek aditzera eman duenez, horretan zeresan handia dute gazteen ohiturek. «Maiz jaten dute etxetik kanpo, baina gehienetan plater konbinatuen aldeko apustua egiten dute; helduagoak direnak kartara jateko joera izan dute, baina hori aldatzen ari da orain», adierazi du. Krisiak joera hori indartu du, gainera, eta gero eta taberna eta jatetxe gehiagotan ari dira beren aukeren artean jateko eskaintza merkeagoen aldeko apustua egiten. M.E.

 

1-1,20

Herri txiki eta handietako tabernetan dituzten tarifen artean aldea dago. Kafe hutsa herrietan euro batean hartzeko aukera dago, baina 1,20 ere ordaindu beharko dugu herri handiagoetan eta hiriburuetan, eta oraindik gehiago ere bai, taberna eta kafetegi selektoetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo