GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Mikel Gil presoaren egoerak PSOEren «politika hiltzailea» islatzen duela salatu dute

Amnistiaren aldeko mugimenduak salatu du PSOEren gobernuak «politika hiltzailea» darabilela euskal preso politikoen kontra, eta «xantaia» egin nahi diela beren ideiak bertan behera utz ditzaten. Honen adibide gisa, Mikel Gil errepresaliatu iruindarraren egoera salatu du.

p010_f01.jpg

GARA |

Gaixotasun larria duen Mikel Gil preso politiko iruindarraren egoerak, «PSOEren gobernuak Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen aurka darabilen politika hiltzailearen tamaina» erakusten duela irizten dio amnistiaren aldeko mugimenduak.

Izan ere, prentsa ohar batean nabarmendu dutenez, «beraien legeen arabera kalean egon beharko litzatekeen preso bati, buruko gaixotasun larri eta sendaezina duen preso bati, muturreko neurriak ezartzen dizkiote». «Bakartuta hainbat hilabetez, bere etxetik urrunduta, eta gainera, aurrez bazuen konfiantzazko mediku baten zainketa debekatu egin diote», azaldu du amnistiaren aldeko mugimenduak, eta hauxe ondorioztatu: «Mikel heriotzara bultzatu nahi dute bere ideiei uko egin ez diolako».

PSOEren «xantaia»

Errepresaliatu iruindarrak bere buruaz beste egin nahi izan duela ezagutu ondoren bidali dute prentsa oharra. Bertan adierazi dute «politika hiltzaile» horren bidez, PSOEk «xantaia» egiten diela preso politikoei, «muturreko neurrien bidez presoak makurrarazi eta beren ideia politikoak baztertu ditzatela lortzeko asmoz».

Horiek horrela, amnistiaren aldeko mugimenduak kezka agertu du Mikel Gil eta gaixotasun larriak dituzten gainontzeko 13 preso politikoek bizi duten egoera larriaren inguruan. «Ohartarazi nahi dugu espetxean dituzten muturreko bizi baldintzek beraien bizitza arriskuan jartzen dutela», gaineratzen du oharrak.

Horregatik, «egoera onartezin honen aurrean», amnistiaren aldeko mugimenduak exijitu du EPPK-ko kideen aurkako salbuespen neurriak alde batera utz eta beraien eskubideak errespetatu ditzatela. Hala, gaixotasun larriak dituzten preso politikoak «berehala» libre uzteko eskatu du.

Mikel Gilen gainean, amnistiaren aldeko mugimenduak uste du espetxeetan izaten diren «arautegi zorrotzek, zigor bidegabeek eta euskal preso politikoen aurkako espetxe politika bereziak» ez diotela bere osasun egoerari batere laguntzen. Preso nafarraren egoera larria izanagatik, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako Epaitegi Zentralak 92. artikulua ukatu zion iaz. Gainera, tratamendu psikoterapeutiko eta farmakologiko egokia jaso zezan Iruñera lekualdatzeko eskatu zuen arren, hori ere ukatu egin diote epaileek, bi aldiz gainera.

Iragan ekainean, Zuerako kartzelako psikiatrak berak txosten bat egin zuen, eta bertan adierazi zuenaren arabera, «kartzelan denbora luzez egoteak haren egoera larriagotzen du».

Ospitalean, larri

Mikel Gil Cervera preso politiko iruindarra Zaragozako ospitale batera eraman dute, egoera larrian. Epaileek 92. artikulua ukatu diote, eta Iruñera lekualdatzeko aurkeztutako eskaera ere ez dute onartu.

Arriskuan

Amnistiaren aldeko mugimenduak ohartarazi du espetxean dituzten muturreko bizi baldintzek presoen bizitza arriskuan jartzen dutela. «Errendizioa edo heriotza», hori da ezartzen dietena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo