GARA > Idatzia > > Kirolak

AIZKORA Bizkaiko Irekia

Arrospidek eta Atutxa II.ak iragarpenak bete dituzte

Beraiek dira lehiaketa hau irabazteko faborito nagusiak, eta lehen helburua bete dute. Finalean, Lopez eta Mendieta menderatu beharko dituzte.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Atutxa II.ak eta Arrospidek lortu zuten atzo Bizkaiko Irekiko bigarren finalerdiko garaipena. Beraz, horiek izango dira finalean, eta Lopezen eta Mendietaren aurka neurtuko dituzte indarrak azaroaren 16an, Durangon.

Jende ugari batu zen bigarren finalerdi hau zuzenean ikusteko asmoarekin. Saioa hasi aurretik, ordea, aldaketa bat izan zen, larrabek ezin izan baitzuen parte hartu. Bera zen Larretxearekin, baina herenegun aita zendu zitzaion, eta Garita aritu zen aizkolari nafarrarekin.

Lehen lana, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan erdibitu zen, eta aizkolari bakoitzak alde bat moztu behar zuen. Arrospidek eta Atutxak 40 kolpetan moztu zuten enborra, eta aurkariek zazpi gehiago behar izan zituzten. Bigarren lana, erloju kontrakoa, eta bikoteek bina 45 ontzako moztu behar zituzten, eta aizkolari bakoitzak alde bana erdibitu behar zuen. Berriro ere Atutxa eta Arrospide izan ziren onenak. Egindako denbora 1.20 izan zen, eta 11 segundotako aldea atera zuten.

Faboritoek hirugarren saioan ere ez zuten hutsik egin. Zutik eta etzanda kana-erdiko bat moztu behar zuten, kide bakoitzak bat, eta berriro ere aldea gehitu egin zuten, 2.45 izan baitzen beraien denbora, eta Garita-Larretxe bikoari 56 segundoko kendu zioten. Horrekin finalerdia erabakita geratu zen.

Azken-aurreko lanean, bikote bakoitzak 60 ontzako bat moztu behar zuen, eta hor ere amaieran garaipena lortu zuen bikoak ez zuen barkatu, eta aldeak gehitzen jarraitu zuen. 1.44 izan zen beraien denbora eta 13 segundo gehiago kendu zieten Garitari eta Larretxeari.

Azkeneko lanean hasterako, iraupen proban, alegia, dena erabakita zegoen. Hor bikote bakoitzak bi 45 ontzako, beste horrenbeste kana-erdiko, eta beste horrenbeste 60 ontzako moztu behar zituen. 10 minutu eta 56 segundotan amaitu zituzten lanak, eta 10 minutu eta 52 segundotan bukatu zituzten Garitak eta Larretxeak. Bukaeran, eta lan guztiak amaituta, Atutxak eta Arrospidek 17 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten denak bukatzeko. Garitak eta Larretxeak, aldiz, 18 minutu eta 48 segundotan bukatu zituzten lan guztiak.

Finala, hilaren 16an jokatuko da Durangon, eta bertan atzoko garaileek, Atutxak eta Arrospidek, alegia, Lopezen eta Mendietaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Atzo garaipena lortu zuen bikoa hori irabazteko ere faborito aterako da.

Final horren aurretik, beste bat ere jokatuko da. Izan ere, datorren igandean Bilbon -eta azken orduko aldaketarik ez bada, Esperantza pilotalekuan izango da-, Urrezko Aizkorako Kopako finala jokatuko da.

Bertan Txapeldunen Ligako lau onenak neurtuko dira. Liga Nazabalek bereganatu du, eta txapel hori Kopako final honetan jasoko du. Etxarriko txapeldunarekin batera Lopez, Arrospide eta Larretxea ere neurtuko dira. Garaipena lortzeko faboritoa Floren Nazabal izango da.

Euskal Herriko finala

Euskal Herriko maila nagusiko finalak ere jada badu lekua eta eguna. Hilaren 23an jokatuko da Amurrion. Bertan, Nazabal, Txapartegi, Lopez, Azurmendi, Olasagasti eta Vicente arituko dira txapel preziatuaren lehian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo