Odei Barrosok, Miren Artetxek eta Miren Amurizak, lehian diren txapelketetan aurrera egingo dute
Donibane Lohizunen jokatuko den hitzorduko zortzi finalisten izenak ezagutzen ditugu dagoneko, atzo Urdiñarben egin zen Iparraldeko Bertsulari Xapelketako saioaren ostean. Bizkaikoa ere aurrera doa.
GARA | DONOSTIA
Atzo arratsaldean Urdiñarben jokatu zen Iparraldeko Bertsulari Xapelketako azken kanporaketan Odei Barroso izan zen garaile, punturik gehien lortuz (318,5 ); ondotik, Miren Artetxe (308) sailkatu zen. Saio jendetsu horretan -230 lagun bildu ziren bertsolariak entzuteko-, Ekhi Erremundegik 302,5 puntu lortu zituen, Eneritz Zabaletak 298, Kristiñe Txoperenak 295 eta Egoitz Zelaiak 269,5.
Odei Barroso eta Miren Artetxe sailkatu dira, beraz, zuzenean, datorren azaroaren 15ean, larunbata, Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan egingo den finalerako. Bertan parte hartuko duten zortzi finalista hauexek izango dira: Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Sustrai Colina, Karlos Aizpurua, Odei Barroso, Miren Artetxe, Xumai Murua eta Ekhi Erremundegi.
Baina, oraindik, dena den, ez dago dena «erabakita», ez baitakigu nortzuk izango diren beste bi finalistak. Hori erabakitzeko kanporaketa saioetan eskuratutako puntuak kontuan hartuko dira. Hala, Xumai Murua da ondoren punturik gehien duena (308); eta, jarraian, Ekhi Erremundegi eta Mixel Aire berdinduta daude, 302,5 punturekin, baina, Ekhi hirugarren geratu zen Urdiñarben, eta Mixel laugarren Luhuson. Beraz, arauari jarraituz, posturik hoberenean sailkatu denak egingo luke lehiaketan aurrera. Finala arratsaldeko bostetan hasiko da, eta zalantzarik gabe, Iparraldeko bertsolaritzaren eguna izango denez, zer hobe, herri bazkariarekin hastea baino.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ere aurrera doa, abenduak 20an Barakaldoko BECen egingo den finalari begira. Atzo Larrabetzun Miren Amurizak lortu zuen finalaurrekoetarako «pasaportea», saioko irabazlea izan baitzen (403 puntu batu zituen). Giro jendetsu batean -frontoian 560 bertsozaletik gora elkartu ziren- jokatu zen saioa. Hauxe da laugarren kanporaketako sailkapena: Miren Amuriza lehena; ondotik, Jone Uria (395,5), Joseba Artza (379), Gorka Ostolaza (376,5), Lander Ibarluzea (362) eta Arkaitz Zipitria (318). Kanporaketako bertsolariek, txapelketako irudia daukaten taza parea eraman zuten oroigarri.
Oraingoz, bada, zuzenean finalaurrekoetara sailkatuta daudenak Miren Amurizaz gain, Eneko Abasolo Abarkas, Igor Elorza eta Oihana Bartra ditugu. Datorren hitzordua, eta garrantzitsua gainera -azken kanporaketa izango baita; beraz bertan erabakiko da zeintzuk pasatuko diren finalaurrekoetara- hurrengo igandean, azaroaren 9an, izango da Zaldibarren, 17.30ean. Oholtza gainean, aurrez aurre izango dira Unai Iturriaga, Gorka Lazkano, Mikel Galarza, Manex Sagarna, Amaia Uribe eta Ander Elortegi.
Zaldibarko hitzorduaren ostean (azken kanporaketa izango da, hilaren 9an), Bizkaiko txapelketak beste txanda bat hasiko du, finalaurreko txanda alegia. Lehen saioa, Gernika-Lumon azaroaren 23an; ondoren, hilak 30ean, Markina-Xemeinen. Biak herriko frontoian egingo dituzte, eta azkena, Getxoko karpan abenduaren 7an. Finala, abenduaren 20an, 17.30ean BECen, eta sarrerak, jada salgai.