Bermeoko Ost taldearen metal doinuak, «Inorena ez den lurrean»
A. B. | BILBO
Baga Biga diskoetxeko arduradunak lagun, Joni Guarrotxena Ost taldeko bateria jotzaileak Bermeoko metal laukotearen lan berria, laugarrena, aurkeztu zuen atzo, «Inorena ez den lurrean».
«Ez gaude ez han, ez hemen; ez barruan, ez kanpoan, bakarrik gelditu gara inorena ez den lurrean» diote bertan. Izan ere, eta izenburuari dagokionez, «metalaren barruan ez gara muturrekoak, eta zale batzuentzat bigunegi eta beste batzuentzat gogorregiak» omen dira taldearen doinuak, Guarrotxenaren esanetan. Horren adierazle dugu ohiko metal doinuei ñabardura ezberdinak erantsi nahi izana, «gitarra punteo heavyagoak» nabarmentzen diren lanean.
Kantu eta melodiei buruz, «gustuko dugu gure kantuak, estribiloetan baino ez bada ere, zaleek kantatzeko modukoak izatea», gaineratu zuen bateria jotzaileak.
Ost taldeko musikariek, Rafa Rueda (PLT), Argi (Kode), Mikel (Loan) eta Aioraren (Zea Mays) laguntza izan dute ahotsetan, eta Tererena txeloan.