GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Atzamarrik ez duen piano-jotzaileari

Blanca IZKUE | Musikagintzako langilea

Ez da nire ohitura musika talde zehatz bati buruz aritzea, kolaborazio hauetan ez baita nire helburua interes pertsonalak edo profesionalak agertzea. Oraingoan, ordea, ohiturak apurtu eta talde bati eskainiko diot tokitxo hau, ibilbide txalogarria egin ondoren, gaur agurtuko gaituen talde honek merezi duela sentitzen dudalako. Bihotz Bakartien Klubaz ari naiz, hasieran Larrabetzuko talde literarioa zena, eta gerora, zenbait lagun musikarien arteko kimika liluragarriari esker, talde musikala bihurtu zena. Euskal Herriko toki ezberdinetako zazpi musikari eta idazle batzen dituen talde honek, «Katamalo» emanaldiaren ibilbidea amaitutzat emango du gaur, azaroaren 7an, Bartzelonan. Taldearen bizitza horrela planteatu zuten, hasiera eta bukaera zehatzarekin, tartean bi disko kaleratu dituztela: estudioan bata eta zuzenean bestea.

2007ko otsailean eskaini zuten lehenengo emanaldia Gasteizen. Orduan hasi eta gaur arte, bi gitarra, gitarra apala, biolina, eskusoinua, pianoa, kaxa eta ahotsez atondutako kantuak eskaini dituzte berrogei kontzertutan. Gehienetan kultur aretoetan, antzokietan, sala itxietan, tarteka tabernaren batean, betiere aretoak musikaren xarma bere zirrikituetatik ihes egiten utz ez zezan tokietan. Katamaloren musikak erabat bereganatzen zuen entzulearen arreta.

Urriaren 16an Iruñeko lagunoi adio esan ziguten. Musika gogorraz inguraturik bizi garela ohartu nintzen kontzertu hartan. Estilo oso anitzak gustuko izan arren, hartan jabetu nintzen normalki azalean geratzen zaizkigula kantu asko. Azaletik kanpo, irristatu eta alde egiten digutela. Katamaloren kantuak, aldiz, azala zulatu eta barreneraino sartu zitzaizkidan. Akustika gardenak eta argi xumeek horretan asko lagundu zuten. Sentsibilitatez beteriko emanaldia izan zen, eta topikoetan erortzeko beldurrik gabe, taldean hiru emakumezko egoteak berebiziko eragina duela esatera ausartuko naiz. Tresna akustikoak erabiltzeak ere halako berotasuna ematen die kantuei. Baina konposaketetan eta hitzetan datza magia. Euskal Herriko musikan sentiberatasuna melenga bilakatzen da maiz. Besteetan, lotsaz agertzen da. Nire irudiko, berriz, Klub honen kideek maisuki uztartu dute sentiberatasuna eta irmotasuna, indarra eta eztitasuna. Tresna akustiko eta elektrikoak, emeak eta arrak. Orain, zuzenean berriz ikusteko ezak eragiten digun tristura haien diskoak entzunez lausotu beharko.

Laster arte, artista horiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo