GARA > Idatzia > Kultura > Musika

«Kanturik ederrenak miserable sentitu naizenean sortu ditut»

p046_f02_97x148.jpg

Martha Wainwright

Abeslaria

1976ko maiatzaren 8an Montrealen jaiotako kantugilea dugu Martha Wainwright. Guraso musikariak ditu eta izar handia du Rufus neba ere. Quebeceko musikariak 2005ean «Martha Wainwright» lanarekin debutatu ostean, orain gutxi plazaratu du «I Know You´re Married But I´ve Got Feelings Too» diskoa (Badakit ezkonduta zaudela baina nik ere baditut sentimenduak).

Anartz BILBAO | BILBO

Martha Wainwright kantari quebectarrak atzo jo zuen Bilboko Kafe Antzokian, eta azken lan fin eta dotorea aurkeztu.

Musikari familia batean duzu jatorria eta berezko esparru izango duzu musika.

Bai, dudarik gabe, nire amari esker batez ere. Dena den, beti arreta gehiago jarri izan diet beste arte adierazpen batzuei, antzerkia, pintura, argazkilaritza... Baina musika beti izan dut inguruan eta orain urte batzuetatik horretan jarrita dut arreta.

Gogaikarria ere izango da beti, seguruenik, haren edo honen alaba edo arreba zarela baino ez entzutea.

Rufusekin erlazionatzeko joera izaten du jendeak. Baina jasangarria zait, azken batean, nire neba baita. Rufus hain da handia musika munduan, nire lanari arreta jarri beharrean kazetariek jakin nahi duten guztia Rufusen inguruan erabiltzen dutenean ere lagungarri zaidala. Batzuetan ez dute nire musika egiteko modua, nik esateko daukadana ezagutu nahi, ezta horretarako erabiltzen dudan bidea, ezta nire sentimenduak ere. Hala ere, beti da lagungarria familia aipatzea.

Lanaren izenburua bikaina da.

Hasiera-hasieratik gustatu zitzaidan. Puntu barregarri, asaldagarri eta sakona duelako.

Zertaz mintzo zara lan honetan? Zer esan dezakezu sarri ahotan hartu duzun «maitemintzeaz»?

Maitasuna momentu bat da, eta harremanak zailak dira. Bakoitzak duen onena eman behar du eta orduan ere batzuetan bakarrik sentitzen zara, hutsik. Zuk norbaitenganako duzun maitasuna zureganako ez badute oso mingarria egiten da, eta urteak eta urteak pasa ostean ere, maite zenuen hori ikustean agian oraindik berarekin maiteminduta zaudela irudituko zaizu.

Gai tristeez ari zarela irakurri dizugu, baina kantuei lasaitasuna darie.

Zaila da azaltzen, arraroa. Sentimendu iluna da eta are beldurgarria izatera ere irits daiteke. Esango nuke horretaz kantatzean aske sentitzen naizela, eta pozik. Alderik onenetik, distiratsuenetik begiratu nahi diot ingurukoari. Nire kanturik ederrenak, hala ere, nire gitarrarekin bakar-bakarrik eta miserable sentitu naizenean sortu ditut.

Diskoa etxean egina dela esan dezakegu.

Bai, «She Emily play» kantuan esaterako, Pink Floyden bertsioa, nire amak pianoa jotzen du eta nire senarrak gitarra eta bateria. Beharrezkoa nuen sentimendu hori lan on bat egiteaz seguru egoteko.

Kantu berriak sortzen ari zara.

Une oro lanean dihardut, nire buruan kantuak darabiltzat beti, eta nahiko erraz ateratzen zaizkit, onerako zein txarrerako.

 

Ficha

Lugar: Rockstar Live, Barakaldo. Hora: 20.00 h.

Precio: 14/17 euros. Bono de tres días, 29/32 euros.

Mañana: Los Campesinos! + Ra Ra Riot. Día 20: The Radio Dept. + Maga + Hola a Todo el Mundo. Día 28: Scott Matthew + Cuchillo + El Perro del Mar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo