Eszenak
Krisiaren benetako tragedia
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Ohetik jaiki eta irratia piztu orduko, langabetuen tasa ikaragarri handitu dela entzuten dugu. Kafearekin batera aldizkaria zabaldu, eta munduko burtsak historiako minimoak ukitzen ari direla irakurtzen dugu. Eta eguna amaitu eta ohera sartu aurretik telebista piztuz gero, ez dakit zein fabrikatik langile mordoa kanporatu dutela entzuten dugu. Eguna hasten den unetik bertatik, eguna amaitzen den unera arte, ez dakit zenbat aldiz entzuten ote dugun krisia hitza. Gizartea krisian dagoela, nahitaez dakigu, baina antzerkia?
Kontu jakina da, antzerkia eta krisia elkarren eskutik doazela beti, tragedia eta komedia bezala. Mila bider entzun dugu antzerkia etengabeko krisian bizi dela, heriotzatik oso gertu. Baina badirudi, oraingo honetan, gizartearen krisia erreala den bezalaxe, gure antzerkiaren krisia ere, benetakoa dela. Gure konpainiek ikuskizunak prestatzen dituzte, beti bezala, baina gero, ez dute emanaldiak plazaratzeko aukerarik izaten apenas. Ikuskizun asko ez dira publikoarengana iristen. Gela ilunean geratzen den koadro estalia bezala, inork entzuten ez duen musika bezala, inork begiratzen ez duen filma bezala. Antzerkiak ez du bere benetako helburua betetzen publikoak ikuskizuna entzun, ikusi eta sentitzen ez duen arte. Hori baita antzerkiaren benetako funtsa, norbaiti istorio bat kontatzea. Baina norbait hori ez badago, antzerkiak ez dauka inolako zentzurik.
Azken urteetan, emanaldi kopuruak ikaragarri jaitsi dira. Eta egoera honek kalte handiak eragin dizkie gure konpainiei. Tamalez, krisi egoeraren ondorioz, hainbat konpainia desegin eta desagertu egin dira. Eta aldi berean gertatzen ari den gizarteko krisiak gero iluna eta itxaropenik gabekoa eskaintzen badigu, zer esanik ere ez, gure antzerkiaren geroari buruz. Gauzek horrela jarraituz gero, ezinezkoa izango da konpainia berrien jaiotza, urteak daramatzatenek bizirauterik ez badute, nola sortuko dira berriak? Ikuskizunak hiltzeko jaiotzen dira, baina gazte hiltzeko, eta horixe da gure egungo krisiaren benetako tragedia.
Antzerkiaren krisi egoera honetan, hausnarketa sakona egin beharko genuke guztiok. Benetan zer gertatzen ari den jakin eta egoera honetatik atera ahal izateko. Krisi egoerak, alarmak izaten baitira, zerbait zaharkituta geratu dela esaten duten alarma gorriak, zerbaitek behar bezala funtzionatzen ez duela adierazten diguten azaleko sintomak. Eta gaixotasunak bezalaxe, sustraira joan beharra dago sendatu ahal izateko, tiritek dagoeneko, ez baitute odol isuria gelditzerik. Eta aldi berean, guztion jakinaren gainean bata, eta isiltasunean bestea, gertatzen ari diren bi krisi hauek, aldaketa eskatzen dute, errautsetatik berriro jaio ahal izateko hil beharra.