Daniel Craig 007 agentearen hitzetan, James Bond moralik ez duen hiltzailea da
Daniel Craig aktorea, XXI. mendeko 007 agentea, Valentzian izan zen atzokoan «Quantum of Solace» filma aurkezten. Sean Conneryk hasi zuen film saileko hogeita bigarren produkzioa da honakoa. Horren harira, Craigek adierazi zuenez, Bondek urte askotan jarraitzea nahi luke, «elementu berriak» sartuz. Aktorearekin batera, Kurylenko, Guillen Cuervo eta Mark Foster izan ziren alboan. Honek adierazi zuenez, filmaren hurrengo atala ez du berak zuzenduko.
GARA | VALENTZIA
Atzo aurkeztu zuten Valentzian James Bond protagonista duen «Quantum of Solace» filma, eta bertan izan zen 007 agentearen papera egiten duen Daniel Craig britainiarra, bere fikzioko neska lagun Olga Kurylenkorekin, eta filmeko zuzendariarekin batera, besteak beste.
«Quantum of Solace» filmarekin James Bondek «Casino Royale» lanarekin hasi zuen zikloa bukatzen duela adierazi zuen aktoreak eta, hemendik aurrera, bere aurrean orri zuri bat duela gaineratu zuen. Craigek James Bond pertsonaiak hartu duen noranzkoaren aldaketa ere nabarmendu zuen. Adierazi zuenez, «dramatismo handiagoa» du pertsonaiak, umoreak tokia galdu du, bakardadeak garrantzia du eta estetika iluna du. James Bond pertsonaia «moralik ez duen hiltzaile» gisa azaltzen dela ere gaineratu zuen.
Pertsonaiaren bitartez pelikulan salatzen diren gaien bozgorailu sentitzen ote den galdetuta, Craigek argi erantzun zuen: «James Bond mundutik at dago, ez du jarrera politikorik hartzen. Hori egitea, gainera, akats handia izango litzateke», ez baitu inolaz ere Flemingek sortutako pertsonaiaren «marra» gainditu behar.
Marc Forster filmaren zuzendariak, bestalde, grabaketa lana esperientzia interesgarria izan dela adierazi du. Hala ere, filmaren hurrengo atala ez duela zuzenduko argitu du, oraingoarekin «oso nekatuta» bukatu duelako.
Bestalde, Bond neskaren papera betetzen duen Olga Kurylenko eta Fernando Guillen Cuervo aktoreak ere Valentzian izan ziren.
Hilaren 21etik aurrera izango da filma ikusteko aukera, orduan estreinatuko baita Estatu espainoleko zinema aretoetan.