Aipagarriak
Finlandia izango da aurtengo gonbidatua Durangoko Azokan
Ianire RENOBALES | BILBO
«Durangokoa ez da bere zilborrari begiratzen dion azoka bat», atzerriko literaturgintza ezagutzeko parada eman du azken bi urteetan eta, aurten, Finlandia izango da herrialde gonbidatua. Hori, Gerediaga Elkartearen eta Euskal Idazleen Elkartearen elkarlanari esker izaten da. Finlandiako literatura eta suomiera izango dira protagonistak abenduaren 6an (larunbata) Durangon. Data oso esanguratsua da egun horretan bertan, Suomiren independentziaren eguna ospatzen baitute 1917az geroztik.
Egitarauari dagokionez, goizaldean hitzaldi bat eskainiko da, «Finlandiako literaturaren garaiak Erdi Arotik gaurdaino», eta Salla Järnefelt idazle finlandiarra izango da hizlaria. Arratsaldean, poesia errezitaldia izango da. Suomieraz idatzitako olerkiak irakurriko dira, eta ondoren euskarara itzuliko dira. Ekitaldia girotzeko, Finlandiako musika entzuteko aukera izango da. Gainera, herrialdeari buruzko datu orokorrak, hizkuntzaren sustraiak eta suomierazko literaturak izandako bilakaera azaltzen duten informazio panelak egongo dira.
Suomiera (finlandieraren jatorrizko izena) hizkuntza aurre-indoeuroparra da. Euskal Herrian bezala, asko borrokatu behar izan dute Finlandian hizkuntzaren alde.
Finlandiako literatura Durangora ekartzeko, funtsezkoa izan da Suomitar Euskalherria-Finlandia Kultur Elkartearen laguntza. Egun, hogei lagunek osatzen dute taldea eta 2000. urtetik dihardute lanean. Elkarte horren lehentasuna suomiera-euskara/euskara-suomiera lehen hiztegia egitea da. Hiru urte eman dituzte proiektu horretan lanean, eta dagoeneko bost mila sarrera gertu daude. Horretaz gain, bai Euskal Herriko bai Finlandiako kultura eta hizkuntza eta bi herrien arteko harremana bultzatzea dute helburu.
Orain artean, Bernardo Atxagaren zenbait liburu eta Joxemari Iturralde idazlearen «Euliak ez dira argazkietan azaltzen» eleberria suomierara itzuli dira.
Irudigileak hasiera emateko
Durangoko Azokako aurtengo edizioaren gai nagusia irudia dela aintzat hartuta, ilustrazioari buruzko jardun profesionala antolatu dute Gerediaga Elkarteak eta Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak abenduaren 5ean, ostirala.
Eguna bitan banatu dute. Goizean, Arnal Ballesterrek, aurtengo Estatu espainoleko Kultura Ministerioak ematen duen Ilustrazio Sari Nazionalaren irabazleak, hitzaldia emango du.
Horren ostean, Ballesterren, Iñaki Martiarena Mattin-en eta Aitziber Alonsoren arteko solasaldia izango da; irudi eskubideen, elkarteen zereginen eta profesionalen ikuspegien inguruan.
Arratsaldeko 17.00etan, zuzeneko horma irudia antolatuko da. Irudigileek horma zuri baten gainean marrazteari ekingo diote. Performance moduko bat abiatuko dute publikoaren aurrean.