GARA > Idatzia > > Kultura

Aipagarriak

Denboraren igarotzearen aurkako borrokak bildu ditu Joxean Agirrek «La lutte finale» eleberrian

Zahartzaroari eta ahultzeari beldur dioten bi gizonezko dira Joxean Agirreren azken eleberriko protagonistak. Elkar argitaletxearen eskutik, «La lutte finale» lanarekin omenaldia egin nahi izan dio belaunaldi oso bati.

p049_f02_147x100.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Gaztea zarenean denbora aurretik doa eta zu bere atzetik, ohartu gabe. 50 urtetik aurrera, ordea, denbora zugana dator, zure gainera». Horrela azaldu zuen atzo Garako kazetari den Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949) bere eleberri berriaren aurkezpenean. «La lutte finale» izena eman dio Internazionala ereserkiari erreferentzia eginez. Joseba Jaka bekaren laguntzaz idatzia izan da eta Elkar argitaletxeak argitaratu du.

Zahartzaroaren muga zeharkatzear dauden bi gizonezkoen istorioak kontatzen ditu eleberriak. 60 urte betetzear daude biak, eta dagoeneko hasi dira gainbehera fisikoa nabaritzen. Denboraren igarotze honek erantzun desberdina du biengan. Narratzaile lanak egiten dituenak onartu edo aldarte onez hartzen du gainbehera hori. Oso gizon arrunta eta ordezkagarria da «umeek aitarekin eta emakumeek beren senarrarekin nahasten dutena». Besteak, aldiz, ez du ongi barneratzen zahartzaroa.

Adinaren ondorio horiek sexuan ere jasango dituzte. Eta emakumeenganako duten mirespen bereziak zaildu egingo die eguneroko bizitza. Izan ere, bi protagonistak gizonezkoak diren arren, emakumeek ere garrantzi handia dute eleberri honetan. Maitasun istorioak gurutzatu, nahaspilatu egiten dira eta, azkenean, eurak, emakumeak dira erabakiak hartzen dituztenak. «Emakumeak ikuspegi maskulino batetik begiratuta daudela uste dut emakumeak. Ez zaizkit begirada femeninoa duten gizonezkoak interesatzen», azaldu zuen Agirrek.

Belaunaldi bati omenaldia

60-70eko hamarkadetan «gazte» zirenei eta garai hartako borrokalari ezkertiarrei omenaldi xume bat egiten saiatu dela adierazi zuen atzo Agirrek. Baina zeharkako gerturatzea soilik egin omen du. Istorioko protagonistetako bat alderdi marxistako barne-informazioetan murgilduta egongo da. «Beldur naiz ez ote dudan karikaturara gehiegi jo», gaineratu zuen.

Istorioa Euskal Herriko hiri batean kokatua dago, baina baita Europako beste zenbaitetan ere, Venezian eta Londresen esaterako. Pare bat kapitulutan atzera begiratzen da, baina orainak pisu nabarmena du eleberri osoan. Irakurri dutenen artean, batzuek tristetzat jo dute istorioa, umorea duela dio beste hainbatek. Agirrek berak aitortu zuen, irribarrea ahoan jarduten zuela idazten.

DENBORA

«Istorio asko txirikordatzen dira baina, funtsean, denbora bera da eleberriaren gaia, Denborak gizakiengan eragiten duen gainbehera fisiko nahiz sexuala».

Fitxa

Izenburua: «La lutte finale».

Egilea: Joxean Agirre.

Argitaratzailea: Elkar.

Bilduma: Literatura 282.

Orrialde kopurua: 184.

Salneurria: 15 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo