GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Barack Obama Etxe zurira

Obamak inoizko hautesle aniztasunik handiena bildu du

Krisiak hautesle talde erabat ezberdinak bildu ditu hautagai beltzaren inguruan.

Dabid LAZKANOITURBURU

Barack Obamak koalizio bitxia oso bildu du bere hautagaitzaren atzean: oro har, emakumeek, boz-emaile independenteek, 65 urtetik beherakoek eta gutxiengoen komunitateek bere alde bozkatu zuten astearteko hauteskundeetan.

Beste edozein hautagai demokratak ez du orain arte horrelakorik lortu. Beraz, presidentetzarako hauteskunde hauek historikotzat jo ditzakegu inolako dudarik gabe, eta ez bakarrik politikari beltz bati Etxe Zuriaren ateak zabaldu dizkietelako.

Historikoak demokratentzat, noski. Errepublikanoak, ordea, kezkatzen hasiak dira, ez soilik emaitza nahiko kaskarrak atera dituztelako, aldatuz doan AEBetako paisaia politikoaren aurrean atzean geratzen ari ote diren susmoa hartu dutelako baizik.

Izan ere, John McCain hautagai errepublikanoak hautesleria zuriaren aldetik gehiengoa -emakumezko nahiz gizonezko- lortu badu ere, Obama beltzak boz gehiago eskuratu ahal izan du estatubatuarren %75a osatzen duten zurien eskutik, iraganeko azken hautagai demokratekin alderatuta, Al Gore (2000) eta John Kerry (2004) tartean.

Zurien %55ek McCainen alde bozkatu zuen, eta %43k Obamaren alde. Horrela, bada, «AEBetako historian lehen presidente beltzaren hautaketan zerikusi handia izan dute», ondorioztatzen zuen atzo «Los Angeles Times». Hautesleriaren %13 osatzen duten beltzen %96k Obamaren alde bozkatu du. Komunitate honen %10ek errepublikanoen alde bozkatu izan du normalean.

McCainek 72 urte ditu eta irabazi izan balu Etxe Zurira iritsi den presidenterik nagusienaren aurrean geundekeen.

Eta inkesten arabera, adinak hautagaien koloreak baino zerikusi handiagoa izan du boza emateko orduan. Bozkatu zutenen 10etik lauk errepublikanoaren adina kontuan izan dutela onartu dute erabakia hartzeko orduan. Aitzitik, soilik bik onartu dute arraza kontuak eraginda bozkatu dutela.

Ekonomia, kezka nagusia

Dena den, hautesleriaren (%63) kezka nagusia ekonomia izan da hautagaia aukeratzeko orduan. Eta gehiengoak Obama hautatu du. «Kezka nagusia ez zen beltza, zuria edo berdea, baizik eta egoera ekonomikoaz arduratzeko zein zen hautagairik jantziena», laburbiltzen du Peter Brownek, Quinnipiac unibertsitateko inkesta-taldeko arduradunak.

Beltzez gain, emakumeen, independenteen eta «moderatuen» artean emaitzarik onenak lortu ditu Obamak, presidentetzarako azken zortzi hauteskundeetako hautagai demokrata guztiekin alderatuta.

Hori gutxi balitz, Gorek 2000. urtean eskuratu, baina lau urteren buruan Kerryren eskuetatik aldendu, eta George W. Bushen poltsikoetara joan zen komunitate latinoaren botoa berreskuratzea lortu du. Hautesleriaren %8 osatzen dute latinoek -paperik gabeko beste hainbat milioik ez dute bozkatzeko eskubiderik- eta %67k demokrataren alde egin zuen. McCainek horien %31 baino ez zuen eskuratu.

Asko izan dira Obamak aukera gutxi zituela ziurtatzen zutenak. Juduek ez zutela bigarren abizena Hussein duen hautagai baten alde bozkatuko, latinoek ez zutela sekula beltz bat onartuko, edota emakumeek, Hillary Clintoni hauteskunde primariotan gailendu zitzaionaren aurrean, abstentziora joko zutela... Oker zeudela ikusi da, neurri handi batean behintzat.

Adinari begira, 18-29 urte artekoen gehienek Illinoiseko senatari ohiaren alde egin du, baita 65 urtetik beherako gehienek ere. Bestalde, unibertsitate ikasketak dituztenek ere haren alde egin dute.

Estatubatuar familia apalenek ere, urtero 15.000 dolarretara iristen ez direnek, aldaketaren alde egin dute nabarmen (%73k). 50.000 dolar baino gutxiago irabazten dutenen artean oihartzun handiagoa izan du Obamak McCainek baino.

50.000-75.000 dolar irabazten dutenen gehienek McCainen alde bozkatu dute, baina, datu esanguratsua oso, 75.000tik 100.000 dolarretara iristen direnen artean hautagai demokrata izan da nagusi.

Azkenik, normalean errepublikanoen joera agertzen duten katolikoek eta etxeko andreek Obamaren aldeko apustua egin dute oraingo honetan.

Gutxigatik, baina irabazi egin dio McCainek landa inguruko herrietan. Hala ere, eremu kontserbatzaileak ere badiren hiri inguruetan demokratek azken urteotan izan duten hazkundea berrestea lortu du Obamak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo