GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Etorkizunera trantsizioa edo iraganera salto?

Barack Obamak hartu ditu hartu beharreko lehendabiziko neurriak, Bush Administraziotik bere gobernua osatzera bidean trantsizioaz arduratuko diren pertsonak izendatuta. Agintari berri baten jarduna ebaluatzeko diplomaziak, zuhurtziak eta ohitura onek exijitzen duten 100 eguneko tartea ez da hasi ere egin, baina lehendabiziko erabakian Obamaren aginteak eman dezakeenaren eta eman ezin duenaren mugak agerian geratzen hasi dira. Izan ere, Clinton Administrazioan aritu ziren goi mandatariak hautatu ditu trantsizioa zuzentzeko.

Jokaldi honen zentzua argia da: Obamak Washingtongo botere sareen barrenak ondo ezagutzen dituzten pertsonak nahi ditu ondoan. Logikoa dirudi, alor honetan ere Bushen ondarea ez baita nolanahikoa izango. Gainera, «errealitateak beti gainditzen du fikzioa» esamoldeari jarraituz eta Etxe Zuriari buruzko filmak gogoratuz gero, argi dago bai liturgiari dagokionez, baina batez ere botere harremanen ikuspuntutik Washington toki zitala dela.

Nolanahi ere, esperientziaz gain, aholkulari «clintondarrek» programa politiko jakina eramango dute beraiekin. Aldaketa sakonak saihesteko joera duen taldea da hau, eta Obamaren grina politikoa kudeaketa «garbiarekin» epeltzen ahaleginduko direla aurreikus daiteke. Eta ez izan zalantzarik, «they can».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo