Interes tasak jaisteak hazkunde ekonomikoa bultzatu nahi du, baina krisiaren larria islatzen du
Urriaren 8an ezohiko neurria hartu zuen Europako Banku Zentralak (EBZ), Erreserba Federala, Inglaterrako Bankua eta Suediako, Suitzako eta Kanadako banku zentralekin interes tasen jaitsiera nabarmena adostuta. Ordu arte, inflazioa kontrolpean izan beharraren aitzakian, interes tasak ez ziren mugitzen. Atzo EBZk beste puntu erdian jaitsi zituen interes tasak, orain, EBZeko presidente Jean-Claude Trichetek dioenez, ez da-eta inflazio-presiorik sumatzen. Ez da harritzekoa, krisiaren pairatzaile nagusiak kontsumitzaile gehienak dira-eta, herritar arruntak alegia, eta dirurik gabe nekez suspertuko da kontsumoa. Jaitsiera horrek jarraipena izan beharko luke, kontsumitzaileen elkarteek eskatu duten moduan, kontsumo aukera areagotzeko. Egoera ekonomikoa kezkagarria dela ezin da ezkutatu, eta hala agertzen dute erakusle guztiek. Esaterako, Nazioarteko Diru Funtsak bere azken txostenean munduko hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenak jaitsi egin ditu. EBZk atzo hartutako neurriak «hazkunde ekonomikoa bultzatzea» du xede baina, bide batez, krisia zenbaterainokoa den erakusten du. Uste edo esaten dutena baino larriagoa dela aitortzeko modu bat.