Ronnie Drew bidaian da oraindik, Dublinetik Bilborako bidean
Dubliners taldeko sortzaile izateagatik da ezagun eta maitatua Ronnie Drew. Iragan udan, minbiziak jota hil zen gizona eta bere lagunek -asko utzi zituen Euskal Herrian- omenaldi xumea eskaini zioten atzo Bilbon.
Anartz BILBAO
Bere ohiko ahots pisutsuarekin «We are the music makers» esanez hasten da Ronnie Drew-k zendu aurretik Antoni O´Breskey italiar-irlandarrarekin batera prest utzi zuen «From Dublin To Bilbao» lana, izen bereko kantuan, eta musika egile franko elkartu ziren atzo Kafe Antzokian, maite-maitea zuten musikari eta laguna hizkuntza eta kultur aniztasuneko festa bat eginez behar bezala omentzeko.
Irlandarra eztarriko minbizi gaizto batek jota hil zen joan den abuztuaren 16an, 73 urte zituela. Bera izan zen The Dubliners talde ospetsuaren sortzailea eta Irlandako kantaririk esanguratsuena, urteen joan-etorrian bera izan baitzen jaia eta parranda elkarrekin uztartu zituen gizona, irlandar jatorriko jendeen adierazgarri alai, zintzo eta maitekorra.
Agertokiko oihal beltzean une oro bizarzuriaren irudia presente zela, bata bestearen atzetik, oholtzan izan genituen Jose Angel Irigaray, Benito Lertxundi, Pello Ramirez, Antonio O´Breskey, Gabin Dabire, Consuelo Nerea, Sue Collins, Joe McHugh, eta Ronnieren seme Phelim Drew antzezle eta musikaria.
Jose Angel Irigaray aurkezle lanetan beti bezain fin zebilela («mafrundituta» zegoen gizona), Antonio Breschi (horrela omen da jatorriz) izan genuen lehen ataleko protagonista. Bakarka zein lagunduta (perkusio eta txirula-jotzaile apartekin), “Nomadic Piano” ikuskizuneko lagin batzuk utzi zituen artista ipurterreak, piano-jotzaile trebea bezain adarjotzailea dela beste behin ere argi utziz.
Piano-jotzaileak Drew-ren ahotsari tokia egin zion gero, grabaketa batean bazen ere. O´Breskey (musika) eta Irigarayk (hitzak) elkarrekin atondutako “Zeharbidetan” (Arteola, 2004) disko zoragarrian, izen bereko kantuan parte hartu zuen Ronnie Drew-k, Benito Lertxundirekin batera, «zeharbideetan ibilki, taupadak lurrean pizgarri, bizi kantaren airean hatsak oro eder eta jori» kantatzeko. Gero, Irigarayk euskaraz eta Phelim Drew-k ingelesez, kantuaren hitzak errezitatu zituzten. Izan ere, hizkuntza eta doinu aberastasunaren jaia izan zen atzokoa. Phelimek aitarekin oroitu eta han ziren guztiei eeskerrak eman zizkien, hunkituta.
Bigarren txanpari ekitean, Antoniok bereganatu zuen arreta berriro. Izaera ikaragarria duen musikari aparta da italiarra (edo irlandarra, barkatu), eta ohi duenez, atzokoan ere bazterrak nahastu zituen, inprobisatu, txantxak egin eta azalpenak emanez. Berak kontatu zigun, «Ronnie Drew, abizenak omen dioenez, irlandar druida» zela.Gabin Dabiren
Labur joan zitzaigun atzoko gau sentikorra. Festa bukatu eta Ronnieren ispirituak ez zuen etxeratu nahi izan, mukuru zen aretoa hustean. Oraindik ere kantari izango da, Kafe Antzokian.