GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Izua indar bihurtu» eta borrokarako deia egin du Askatasunak Irulegin

Ehunka lagunen aurrean, itxaropen mezua helarazi zuen Askatasunak Irulegin egindako Elkartasun Egunean. Azken hilabeteotan, Ipar Euskal Herrian, berrogei lagun inguru atxilotu dituzten arren, «izua eta etsipena, indar bilakatu» beharra dagoela aldarrikatu eta borrokarako deia egin zuen. Horrez gain, Estatu frantsesak Euskal Herriaren kontrako «hautu politikoa» egin duela adierazi zuen «Mespretxutik onarpenera, aski da!» lelopean egindako jaialdian.

O. L. |

Testuinguru berezian kokatu da aurtengo Elkartasun Eguna, azken bi hilabeteetan berrogei lagun inguru atxilotu baititu Polizia frantsesak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. Kontu korronteak blokeatuz, atxiloketen bidez eta etxe, egoitza zein herriko tabernak miatuz Estatu frantsesak euskal gizartearengan «etsipena eta beldurra» sorrarazi nahi duela adierazi du Askatasunak. Alta, izuaren kontrako errezeta zein den argi du errepresioaren kontrako erakundeak: «Eragin nahi diguten beldurra kapitalizatu eta indar bilakatzea».

Gorabehera handiko garaiotan, itxaropen mezua helarazi nahi izan zuen Askatasuneko eledun Anaiz Funosasek bostehun lagun ingururen aurrean, Elkartasun Egunaren baitan egindako ekitaldi politikoan. Funosasen hitzetan, «Estatu frantsesak etengabean mespretxatu ditu hiru herrialdeetako herritarren eskubideak»; alabaina, orain jauzi bat eman eta Parisek ezker abertzalearen kontrako «ildo errepresibo bortitza» abian jarri duela salatu zuen.

«Orain artean, Parisek Madrilekin kolaboratzen zuela uste bagenuen ere, gauzak asko aldatu dira», ohartarazi zuen Funosasek. Haren ustez, egun Estatu frantsesaren ekinbideak, Estatu espainolari laguntzea baino Parisek berak markatutako helburuak lortu nahi ditu eta, beraz, Sarkozy buru duen Gobernuak «Euskal Herriaren aurkako hautu politikoa» egin duela ondorioztatu zuen.

Funosasen hitzen aurretik, diaporama batek laburbildu zuen errepresioaren ibilbidea; GALen sorreratik abiatu, iheslarien kontrako deportazioak gogoratu eta egungo ilegalizazio estrategia bildu zituen jendaurrean aurkeztutako irudi sortak.

Irudiotan ikusi bezala, Euskal Herriaren historian errepresioak ez duela etenik izan gogo- rarazi zuen Askatasuneko eledunak, haren kontra ordea, «oldartu eta borrokari eutsi behar» zaiola nabarmendu zuen. «Ezin dugu gure etxera noiz etorriko zain egon, noiz etxea edo herrikoa miatu edota gu atxilotzearen zain egon» esan eta borrokatzen jarraitzeko deia egin zien entzuleei, «sentitzen dugun etsipena eta beldurra, indar bilakatzera», hain zuzen ere.

Asteburu osoko ekimena izan da aurtengo Elkartasun Eguneko jaialdia. Egun handia atzokoa bazen ere, larunbatean abiatu zen festa Kaptain egurrak, Beltzez, Haurtzarrak, Piarres eta Zein musika taldeek eskainitako kontzertuarekin. Musika jaialdian gainera, 300 bat lagunek parte hartu zutela azaldu zion Funosasek GARAri.

Herri bazkariarekin abiatu zuten igandeko egitaraua. Mahai inguruan ere ehunka lagun batu ziren jai giro apartaz gozatzera. Arratsaldean egin zen ekitaldi politikoaren ostean ere, zer egina egon zen, Irulegin Nat eta Watson taldeen musika emanaldia izan baitzen.

Nafarroa Beherean barrena

Aurtengo Elkartasun Eguneko bereizgarri nagusia kokalekua izan da, Lapurdi atzean utzi eta, aspaldian ez bezala, Nafarroa Beherean egin baitzen jaia. Funosasek erabaki horren arrazoia herrialde honek azken urtean jasan duen errepresioa dela argitu zuen. Kalakako auziaren baitan gertatu ziren atxiloketak, bertako preso batek bere buruaz beste egiteko saiakera edota hainbat gazteren zitazioak ekarri zituen gogora. Atzoko egunarekin baxenabartarrei «elkartasuna eskaini eta bizi duten egoera ez dela isolatua ohartarazi» nahi izan dute, Funosasen esanetan.

Mobilizazioak

Presoen eskubideen aldeko hainbat elkarretaratze izan dira asteburuan zehar. Larunbat goizean, adibidez, 45 lagunek bat egin zuten Hondarribian, eta atzo 40 pertsona elkartu ziren Altsasun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo