GARA > Idatzia > > Kirolak

Aizkora

Erasun gazteak bere mailarik onena erakusteko aukera dauka

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Nafarroako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketako finala jokatuko da bihar arratsaldean Donezteben. Herri horretan jai egun handia izaten da biharkoa, urteko feria ospatzen baita, eta herri kirolak ere lekua izango du.

Gehienetan lehiaketa ofizialen bat jokatu izan da Donezteben eta bihar aizkolariez gain, herrialdeko Bigarren Mailako trontzalarien finala ere jokatuko da.

Aizkorako neurketa oso erakargarria agertzen da. Bertan, Erasun, Belarra, Kañamares, Erdozia eta Amillano lehiatuko dira. Jendeak, batez ere, Ander Erasunengan dauka jarrita arreta. Gazte honengan itxaropen handia dago jarria, eta bere maila erakusteko aukera paregabea izango du bihar arratsaldean.

Bera izan zen kanporaketako onena, eta txapela lortzeko ere faborito bihurtu da. Hori bai, lan handia egin beharko du horretarako. Belarra izan zen bigarren kanporaketan, eta oso adi ibili beharko du horrekin. Doneztebe bertakoa da, eta gaurko lekuan bertan herrialdeko txapela janztea ere bai baitaki zer den.

Beste hirurak ere eskarmentu handiko aizkolariak dira, batez ere Kañamares eta Erdozia. Azken hau ere maila nagusian aritutakoa da. Hala ere, gaurkoan gazteena aterako da faborito. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu.

Trontza

Donezteben bertan bigarren mailako trontzalarien finala ere jokatuko da. Lesaga-Galarregi, Eugi-Iribarren eta Mindegia-Zelaieta bikoek neurtuko dituzte indarrak. Bakoitzak 45 ontzakoari 10 epai etzanda eta 4 zutik eman beharko dizkio.

Herenegun, Ipar Euskal Herriko emakumezkoen finala jokatu zen. Obando eta Pulverail izan ziren nagusi, eta 16.30 izan zen beren denbora. Ibarburu-Iriarte 20 segundora sailkatu ziren, eta Lannie-Sanchez 3 minutu eta 12 segundora. 45ekoari 10 epai eman zizkioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo