GARA > Idatzia > > Kultura

Ziklo bat bukatu da, baina Harry Potterren magiak bizirik dirau

Mundu osoko salmenta errekorrak gainditu dituen liburu saga honek, euskaraz ere badu bere amaiera. Iñaki Mendigurenek nazioarteko azti ezagunenaren abenturak biltzen dituen zazpigarren eta azken atala itzuli berri du: «Harry Potter eta Herioaren erlikiak».

p040_f01_178x141.jpg

Ane ARRUTI

Dagoeneko aukera dugu Joanne Kathleen Rowling idazle ingelesaren zazpi liburuak euskaraz irakurtzeko. «Harry Potter and the Deathly Hallows», azti gaztearen zikloa ixten duen azken liburua, pasa den urteko uztailean argitaratu zen ingelesez. 24 ordutan, 11 milioi kopia saldu ziren mundu osoko 93 estatutan, horietatik 8,3 milioi AEBetan. Aste honetan iritsi zaigu euskarazko bertsioa: «Harry Potter eta Herioaren erlikiak». Hemen bukatzen dira Harry eta Hogwarts magia eskolako lagunen abenturak eta hemen ixten da Iñaki Mendiguren gipuzkoarraren hamar urtetako lana.

Guztira 3.700 orrialde izan dira. Lehenengo itzulpena 2000. urtean argitaratu zen: «Harry Potter eta sorgin harria». Ordutik, Mendiguren «Harrylogo» bihurtu omen da. «Orain dela hamar urte jakingo banu hainbeste orrialde idatzi beharko nituela, ez dut uste adorerik izango nukeenik. Hala ere, nabari da Rowling-ek erraz eta gozatuz idazten duela, eta horrek, ni neu ere harrapatu egin nau» adierazi zuen itzultzaileak, liburuaren aurkezpenean.

Hori izan liteke arrakastaren arrazoietako bat. Bestalde, Mendigurenek Harry Potterren liburuak kipula batekin alderatzen ditu, maila ezberdinetako irakurleak izan baititzakete. «Ez dut uste ume txikientzako liburuak direnik. Heldutasun apur bat behar da idazleak transmititu nahi duen filosofia ulertzeko. Hala ere, bakoitzak maila bateraino ulertuko du eta iruditzen zait horregatik izan duela halako arrakasta hain jende ezberdinaren artean».

Ziklo luze baten bukaera biribila da azken liburu hau. Aurreko ataletan sortuz joan diren inkognitek eta hari askeek erantzuna izango dute. Harry, hasieratik bere etsaia izan den Voldemortekin lehiatuko da hil ala bizi. Erabaki zailak hartu beharko ditu eta bere magiaz gain, maitasuna eta adiskidetasuna izango ditu armarik baliotsuenak.

Sorpresak ere aurkituko ditugu liburuak dituen 636 orrialdetan zehar. Zenbait pertsonaien sekretuak ezagutu ahal izango ditugu. Snape irakaslea dago horien artean. Bukaera arte ez dugu jakingo zintzoen ala gaiztoen aldean dagoen.

Liburuaren beste berezitasunetako bat eta kritika ugari piztu dituena, bukaerako epilogoa izan da. Bertan, pertsonaiek Hogwarts utzi eta 19 urte geroago duten egoera kontatzen du Rowling-ek. Askoren ustez, soberan dagoen gehigarri bat besterik ez da. Beste batzuek diotenez, epilogo honen bitartez, idazleak irekita uzten du istorio gehiago argitaratzeko aukera. Mendigurenen ustetan, ordea, zikloa itxita dago. «`Finis Coronat Opus' (bukaerak amaitzen du lana). Rowling-ek hasiera-hasieratik izan du argi zazpi liburu idatziko zituela eta istorioaren eskema bat egin zuen. Ez dut uste hemendik aurrera gehiago idatziko duenik. Bukaera horrekin mezu bat bidali nahi izan duela iruditzen zait: bizitzak aurrera jarraitzen duela».

Harry Potterren liburuei egin ohi zaizkien beste zenbait kritikari ere erantzun zion gipuzkoarrak. Egoerak luzatzeko joerari dagokionean, hori gustuen araberakoa dela esan zuen, zenbaiti esaldi laburrak gustatzen zaizkiela eta besteei deskribapen luzeak. Deus ex machina delakoa ere leporatu izan zaio idazle ingelesari baina Mendigurenen esanetan, magiaren munduan zilegi da baliabide hori erabiltzea.

Kritikak kritika, ukaezina da Harry Potterrek mundu osoan lortu duen arrakasta. Nork esango ote zion J.K. Rowling-i, bere istorioa hainbat argitaletxetan mespretxatua izan ondoren, argitaratzea lortu, eta halako ospea lortuko zuela? Lehenbizikoz liburua saltzen saiatu zenean, bi kopia oso egin zituen makinaz, originala fotokopiatzeko dirurik ez zuelako. Orain, berriz, Erresuma Batuko hirugarren emakumerik aberatsena bihurtu da, erreginaren beraren aurretik. Liburu guztien pelikulak egiteko eskubideak Warner Bros-ek bereganatu zituen. Horietako bost dagoeneko ikusgai daude eta diru gehien bildu duten 20 pelikulen zerrendan kokatu dira guztiak. Momentu honetan seigarrena grabatzen ari dira. Datorren uztailerako estreinatzea espero dute. Zazpigarrenak, berriz, bi zati izango ditu eta 2010. urtetik aurrera iritsiko dira, Floridan eraikitzen ari diren atrakzio parkearekin batera.

Fitxa

Izenburua: `Harry Potter eta Herioaren erlikiak'.

Egilea: J.K. Rowling.

Itzultzailea: Iñaki Mendiguren.

Argitaletxea: Elkar.

Orrialde kopurua: 636.

Salneurria: 23,70 euro.

Arrakastaren olatua pixkanaka baretzen

Liburuen arrakasta izugarria izan da mundu osoan baina pixkanaka beheraka doa. Gainontzeko hizkuntzetan gertatzen ari den bezalaxe, euskarazko Harry Potterren liburuetan ere, salmentak behera egin du nabarmen. Lehen zenbakitik 18.500 ale saldu dira, bigarrenetik 10.300, hirugarrenetik 8.000... eta beherantz jarraitu du, seigarrenetik 1.000 ale bakarrik saltzeraino. Guztira 46.000 izan dira saldutako aleak. Ikusteko dago azkeneko liburu honen salmenta nolakoa izango den, baina Elkar argitaletxekoek 50.000 aleraino iristea aurreikusten dute. Gainera, azken liburu honek gainerakoen salmenta eragitea ere espero dute.
Zazpi liburuak eskuragai izatea, bat irakurri eta hurrengoaren zain egon beharrik gabe, aukera paregabea dela uste dute bai itzultzaileak eta bai argitaletxeak ere, eta oraindik Harry Potterren munduan murgildu ez direnei dei egiten die momentu hau aprobetxatzeko. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo