Su-eten iragarpena eta mesfidantza Darfurren
Sudango presidente Omar al Bashirrek atzo iragarri zuen aldebakarreko su-etenak itxaropena sortu beharko luke. Eta batzuek itxaropentsu jasoko zuten iragarpen hori, baina talde errebelde nagusiaren erantzuna entzunda, su-eten hori ez zaiola interesatzen, alegia, oso itxaropen eutsia behar du izan. Darfurren bere aurka diharduten taldeei eskaini dien su-etena alde guztiek onartu ezean, hutsaren hurrengoa izango litzateke-eta ekimena, eta talde errebeldeen artean badirudi herrialdeko presidentearenganako mesfidantza nagusi dela. Al Bashirrek eskaintza egin duen unea ere bada susmoak izateko arrazoi, Darfurreko genozidioa dela-eta abiatutako ikerketaren barnean Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak Sudango presidentea atxilotzeko aukera aztertzekoa zenean egin baitzuen. Horren ondorioz, behatzaile askoren -eta errebeldeen- ustez, su-eten iragarpena eta NBEren ikerketaren mehatxua lotzea saihestezina da; Sudango presidentearen su-eten iragarpenak bere aurkako auzia geldiarazteko asmoa beste xederik ez duela argudiatuta. Denbora irabazteko saioa, alegia; behintzat Al Bashirrek sortu nahi duen «bake giroak» emaitza positiboren bat, bake akordio baterako abiapuntua izan litekeena, lortzen duen ikusi arte. Beraz, ikusteko dago su-eten iragarpena itxaropenerako arrazoi edo NBEren arreta desbideratzeko jukutria den.