GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Lau eta erdia Olaizola eta Barriolaren pilota aukeraketa

Material hautaketa, edo sua eta uraren arteko borroka

Pilota biziak hartu zituen Abel Barriolak; motelagoak Aimar Olaizolak.

p038_f01_148x84.jpg

GARA | IRUÑEA

Pilotan egiteko modu ezberdinak dituzte Aimar Olaizolak eta Abel Barriolak; baliabide ezberdinak. Hala, pilota ezberdinak komeni zaizkie batari zein besteari garaile ateratzeko. Horiek horrela, atzoko pilota aukeraketan bi nafarrek hautaturiko materialak larunbatean Labriten ikusiko dena suaren eta uraren arteko borroka izango dela adierazi zuten.

Aimar Olaizolak nola frontisean hala zoruan gutxi ibiltzen diren pilota bi, Punparenak biak, aukeratu zituen. Piloteoa luzatzeko borondate gutxi azaldu zuen, beraz, goizuetarrak. Pilota frontisetik hurbil izateaz arduratu eta errematerako duen abileziaz baliatu nahi du aurrelari nafarrak. Bestetik, Barriolak pilota biziak aukeratu zituen, bata Punparena, Ziprirena bestea. Lan egin arazi nahi dio nonbait Abelek Aimarri.

«Pilota oso ezberdinak aukeratu ditugu, bai -onartu zuen Leitzako atzelariak- nik hautatu ditudanak irteera handiagoa dute frontisetik eta lurretik. Ni neu gustura geratu naiz eta, tira, prest gaude larunbaterako. Ea Aimar estualditan jarri eta 22ra iristerik dudan».

Faboritorik ez

Ez da gutxiagorako, izan ere. Bigarren garaipena erdiesten duen pilotariak finalean lekua izango du ia seguru eta galtzaileak, aldiz, hirugarren eta azken jardunaldian zuzendu beharko ditu datorren larunbatean egindako okerrak. Partida hasterako, faboritorik ez dago.

Maila aparta eskaini zuten biek lehenengo jardunaldian, Olaizolak batez ere. Dena dela, bere eskuin besoa oraindik ez omen dago erabat ondo, hobeto aurkitu arren. «Hobera egin du, baina oraindik ez dago erabat ongi. Lehen bezala oraindik ez diot ematen eskuinez, baina pixkanaka konfiantza hartzen ari naiz eta horrek balio du», adierazi zuen Goizuetakoak.

Asegarceko teknikari Salva Bergarak ere ez zuen faborito garbirik ikusten. «Aimar asko gustatu zitzaidan Eibarren, baina Barriola ere joko handiz dabil. Partida irekia izango da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo