Hego Korearekin duen muga abendutik aurrera itxiko du Ipar Koreak protesta gisa
Seulen «erasoen aurrean», abenduan Ipar Korea eta Hego Korearen arteko muga itxiko duela iragarri zuen atzo Piongiang-ek. Otsailean boterea hartu zuenean, Lee Myung-bak presidente hegokorearrak bere auzokoen kontra politika gogorragoa izango duela iragarri zuen.
GARA |
Hego Korearen eta, bereziki, Lee Myung-bak presidente kontserbadorearen «erasoak» gogor gaitzetsi zituen atzo Ipar Koreak. Konfrontazio «maila arriskutsua» eragitea leporatu zion Piongiang-eko Gobernuak, eta protesta gisa, abenduaren 1etik aurrera bi herrialdeen arteko muga itxiko duela eta telefono bidezko komunikazioa etengo duela iragarri zuen. Dena den, 1950-53ko gerra eta gero, bi herrialdeetako biztanleen arteko telefono dei eta mezu elektronikoak debekatu zituen Ipar Koreak. Orain arte bi herriak lotzen zituen telefono ez militar bakarra Gurutze Gorriak Panmunjom herri mugakidean duen bulegokoa zen. Baina, Piongiang-ek bulegoa ere ixtea erabaki zuen.
Harremanak betidanik gorabeheratsuak izan diren arren, azken urteetan zertxobait hobera egin zuten negoziazio prozesu luze baten ostean. 2007ko urriaren 4an bi herrialdeetako mandatariek «bake egonkorra» lortzearen aldeko adierazpena izenpetu zuten xanpain kopa eskuetan, irribartsu. Beste «hiru edo lau» herrialderekin batera -AEB eta Txina tartean- goi biltzarra egitea proposatu zuten.
Urte bereko maiatzean, bi trenek muga bi noranzkoetan zeharkatu zuten lehenengoz 50 urtetan. «Tren hauek penintsula batuta ikustearen esperantza eta ametsa dakarte», esan zuten aho batez Bateratze ministroek.
Asmo horiek, dena den, ezerezean geratu dira. Harremanek nabarmen egin dute okerrera, bereziki, Leek boterea hartu zuenetik. Ipar Korearekiko politika gogortuko zuela iragarri zuen. Bide horretan, Ipar Koreak giza eskubideak urratzen dituela salatzen zuen adierazpena sinatu zuen Europar Batasunarekin eta Japonekin batera.
Kim Jong-il-en Gobernuaren arabera, pauso horrek ordura arte adosturiko akordioak bertan behera uzten ditu.
«Ipar Korearen askapenerako borrokalariak» taldeak Gobernuaren aurkako milaka esku-orri zabaldu ditu baloien bidez, Piongiang-en haserrea areagotuz.