lesioa
Zigor «errugabea» dela esan du Diaz de Ceriok
Burua argi izaten jarraitzen du Iñigo Diaz de Ceriok, larunbatean, bere kirol ibilbideak ezusteko bira eman ostean. Zigor Goikuria Eibarreko atezainarekin baloi baten lehian ari zela, donostiarrak tibia eta peronea hautsi zituen. Denboraldia amaitutzat eman du, eta bere etorkizuna -ez duenez Realarekin kontratua berritu, eta Athletic edo Valladolid moduko taldeak atzetik dituela-, kolokan geratu da.
Asteburuan ebakuntza egin ostean, aurrelari gipuzkoarrak etxerako bidea hartu zuen atzo. Hankan igeltsua zuela, Diaz de Ceriok lehenengo adierazpenak egin zituen. Lehenik, egun hauetan jaso dituen babes eta animo mezu guztiak eskertu zituen. Zorigaiztoko jokaldiaren gainean, Realeko jokalariak argi eta garbi utzi nahi izan zuen Zigorren errugabetasuna. Donostiarraren esanetan, «berak ez du inolako errurik», eta ebakuntza ostean Eibarreko jokalari batzuekin, atezaina tarteko, «lagunartean txantxak egiten» ibili zela aitortu zuen.
Lesio larria duela jakin badaki Diaz de Ceriok, baina aurrelari gipuzkoarrak ez du jokora noiz itzuliko den zehaztu nahi. «Ez dut eperik jarri nahi eta sentsazioak oso inportanteak izango dira denbora guzti honetan».
Jokaldia gertatu eta segituan jabetu zen Diaz de Cerio hilabete luzez egongo zela jokatu gabe. «Hanka nola geratu zitzaidan ikusita, berehala konturatu nintzen zerbait larria zela».