GARA > Idatzia > > Kultura

Nere Lujanbio hernaniarrak Jorge Oteizaren biografia argitaratu du, lehenengo aldiz euskaraz idatzia

Jorge Oteizaren gaineko informazio ugari dago. Ezer gutxi aurki dezakegu, baina, euskaraz. Nere Lujanbiok artistari buruzkoak denek ulertzeko moduan jendartaratu nahi ditu, «Jorge Oteiza. Jenio hutsa» lanarekin.
p042_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Oteiza gizaki zabalegia izan zen. Bada Oteiza eskultore bat, Oteiza poeta bat, Oteiza pentsalari bat, hizkuntzalaria, zinemagilea, pedagogoa, konspiratzailea eta ezin konta ahala Oteiza gehiago. Eta horien artean aukeratu beharrean suertatzen gara, aldez aurretik jakinda murrizketa horrek halako galera bat dakarrela». Pedro Manterola, Oteiza Museoko zuzendari ohiaren hitz hauekin hasten du bere liburua Nere Lujanbiok. Horixe baita idazterako orduan egin behar izan duena: aukeraketa. Ehun orrialde pasatxoko biografia honetan artista oriotarraren bilakaera eskultorikoa hartu du oinarritzat. Bizipenak eta anekdotak, agertzen badira ere, bigarren maila batean utzi nahi izan ditu. «Pertsonari eman nahi izan diot garrantzia. Jende askok artista petral modura edota Txillidarekin liskarrean ibiltzen zen hura bezala ezagutuko du. Liburu hau aukera ona da artean jakituna izan gabe Oteiza eta bere obra ezagutzeko».

Lujanbiok dibulgaziozko lana osatu du. Garrantzi handia eman dio liburuaren estiloari eta tonuari. «Oteiza bera oso konplexua da. Denek ulertzeko moduan idatzi nahi nuen baina ez nuen sinplekerian gelditu nahi». Idazleak adierazi zuenez, jauzi handiegia dago artistari buruz zerbait gehiago jakin nahi dutenentzat. Bere idazkiak, tesiak edo artikuluak irakurri behar dira eta ez dira batere ulerterrazak. Liburu hau erdibide horretan kokatzen da, jakin-minetik harago joateko.

Biografia ahalik eta objetikboena izan zedin saiatu da, bestalde, hernaniarra. «Ez da erraza. Oteizaren bizitzako pasarte asko berak kontatuta bakarrik dakizkigu, haurtzaroa eta Amerikan igarotako urteak esaterako». Gainera Oteizak aldeko eta kontrako sentimenduak piztu izan ditu beti, eta informazio horiek tentuz landu ditu idazleak.

Artistaren bizitzako pasarteez gain, liburuak baditu zenbait gehigarri ere. Oteizaren unerik garrantzitsuenen ondoan, irakurlea testuinguruan kokatzen laguntzen duten gertaera historikoak jasotzen dituen kronologia. Oriotarraren etapa ezberdinetako eskulturen argazkiak ere bildu ditu, azalpen labur batez, hasi 1931ko «Adan eta Eva» lanetik eta 1973ko «Makla bi kuboide zabaldurekin» izenekoraino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo